Gorlizen Baserritar Eguna ospatuko dute maiatzaren 9an, herritarrek bultzatutako festa

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 23a

Gorlizko Baserritar Eguna aurrekontu parte- hartzaileetako proposamen irabazleetako bat da, kuadrillek bultzatua eta Udalagaz elkarlanean garatu dutena. © GORLIZKO UDALA

Datorren maiatzaren 9an, Gorliz euskal sustraietara itzuliko da Baserritar Eguna ospatzeko. Aurrekontu parte-hartzaileetako proposamen irabazlea denez, herriko kuadrillek bultzatua eta Udalagaz elkarlanean antolatua, belaunaldien arteko topagune izan gura duen jaialdi hau antolatuko dute lehen aldiz. 15.000 euroko aurrekontuagaz, herriko historiara eta ohituretara gerturatzeko aukera izango dute adin guztietako bizilagunek.

Ekimena aisialdirako aitzakia hutsaz haratago joango den ekimena izango dela azpimarratu dute antolatzaileek; euskal baserrietako bizitzaren funtsa berreskuratzea eta herriaren memoria kolektiboa belaunaldi berriei transmititzea da helburu nagusia. Horretarako, egitarau oparoa prestatu dute egun osorako.

Goizeko 10:00etatik aurrera, Ibarreta Plazan artisau eta gastronomia azoka jarriko dute, Aukea Elkartearen eskutik, trikitixaren soinuek egunari hasiera ematen dioten bitartean. Horrez gain, talo-tailerra ere izango da; euskal kulturako elikagai adierazgarri honen jatorria eta tradizioa gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Eguneko unerik sinbolikoenetako bat eguerdian iritsiko da, izan ere, une horretan, antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte euskal jantzi tradizionalak soinean jarri eta elizako plazan egingo den argazki kolektibo handian parte hartzera. Irudi honek, gainera, herrian zehar egingo den desfile bati bide emango dio.

Jardunaldiak arrastian jarraituko du Saltoka Dantza Plazagaz euskal dantzak izango dira protagonista, eta jarraian, herri kirolen txanda iritsiko da. Bertan, emakume eta gizonek indarrak eta trebetasunak neurtuko dituzte, harri-jasotze, txinga eta trontza bezalako diziplinetan.

Jai-giroa gazteei eta txikiei zuzendutako proposamenakaz jarraituko du, musikak gune propioak izango baitituzte. Eguna borobiltzeko, Gautegun Erromeria izango da, belaunaldi guztiak bilduko dituen kontzertua, euskal musikaren klasikoakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun