Gorlizko Udalak TAOaren egutegia zabaldu eta abonatuentzako gune berriak sortuko ditu

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 27a

Hemendik aurrera, TAO maiatzaren 15ean hasiko da eta urriaren 15era arte luzatuko da. © GORLIZKO UDALA

Gorlizen aparkatzea zailtzen den garaiari aurre egiteko, Udalak TAO sistema berrituko du, eta aldaketa nagusiak zuzenean nabarituko dira; izan ere, zerbitzua lehenago hasiko da, gehiago iraungo du eta abonatuentzako gune berezi bat sortuko da.

Hemendik aurrera, TAO maiatzaren 15ean hasiko da eta urriaren 15era arte luzatuko da; hau da, orain arte baino hilabete gehiago egongo da indarrean. Lehen asteetan eta azkenetan (maiatzaren 15etik ekainaren 15era, eta irailaren 15etik urriaren 15era), aste-akabuetan eta jaiegunetan bakarrik ordaindu beharko da. Udako garaian, ordea, egunero aplikatuko da, 08:00etatik 22:00etara, eguerdian etenaldia egongo den arren (14:00–15:30).

Berrikuntza nagusietako bat “gune arrosa” izango da: TAO bonua dutenek doan eta denbora-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute bertan. Neurri honegaz, Udalak presio handiena duten kaleetan aparkalekua erraztea du helburu.

Bonu bakarra etxebizitza bakoitzeko

Bestalde, bonuen prezioa ez da aldatuko, baina bai baldintzak. Hots, etxebizitza bakoitzeko bonu bakarra emango da,  helburua autoen txandaketa sustatzea eta plaza gehiago libre egotea izanik.

Udalak lehen aldiz lau urterako lizitatuko du zerbitzua, kudeaketa egonkorragoa lortzeko. Orain arte hori ezinezkoa zen, hondartzako eremua ez delako udalaren titulartasunekoa, baina Bizkaiko Foru Aldundiagaz lortutako akordio bati esker oztopo hori gainditu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun