Gorlizek Ipar Martxaren Nazioarteko Eguna ospatuko du maiatzaren 17an, kirola eta natura uztartuz

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 5a

Izen-ematea maiatzaren 14ra arte zabalik egongo da. © GORLIZKO UDALA

Gorlizek hitzordu finkatua du daborduko kirol egutegian: Ipar Martxaren Nazioarteko Eguna. Aurtengoan, maiatzaren 17an egingo da, eta XII. edizioa izango da, gero eta parte-hartzaile gehiago erakartzen dituen jardunaldi batean. 

Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela beharrezkoa aurretik Ipar Martxan aritua izatea; jardunaldia diziplina honetara hurbiltzeko aukera paregabea da, giro atsegin eta inklusiboan. Gorlizko Udalak antolatzen du ekitaldia, tokiko hainbat elkarte eta kirol taldeakaz elkarlanean, tartean Ipar Izarra Nordic Walking Bilbao kluba. 

Eguna goizeko 10:00etan hasiko da parte-hartzaileen erregistroagaz, eta makilarik ez dutenek bertan jasotzeko aukera izango dute. Ondoren, 10:30ean, hastapen tailer bat eskainiko da, teknika oinarrizkoak ikasteko, batez ere lehen aldiz aritzen direnentzat. Esperientzia dutenek, berriz, beroketa espezifiko batean parte hartu ahal izango dute. Giroa berotzeko, 11:00etan beroketa musikal bat egingo da, Marisa Lago irakasle espezializatuaren gidaritzapean, eta handik gutxira, 11:15ean, abiatuko da martxa bera. 

Ibilbidea zazpi kilometro ingurukoa izango da, eta Urezarantza auzoa zeharkatuko du, kostaldeko paisaia ikusgarriakaz eta hondartzako pasalekutik igaroz. Antolatzaileek nabarmendu dute jarduera ez dela lehiakorra, aire librean ariketa fisikoa egitea eta naturaz gozatzea helburu duen ekimen ludikoa baizik. 

Eguerdi aldera, 12:30ean, luzaketa saio batek amaiera emango dio jardunaldiari, eta parte-hartzaileek hornidura txiki bat ere jasoko dute. Izen-ematea maiatzaren 14ra arte zabalik egongo da, Turismo Bulegoan bertan edo telefonoz zein WhatsApp bidez, antolatzaileek jakinarazi dutenez. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun