Euskara eta eskalada uztartuko dituen Mintzaeskalada saioa egingo dute bihar Gorlizen

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 25a

Mintzaeskalada saioa Gorlizko kiroldegian egingo dute bihar, 17:00etatik aurrera. © EGIZU

Uribe Kostako gazteentzako mintzordu berezi bat antolatu dute Gorlizko kiroldegian: euskaraz berba egin eta, aldi berean, eskaladan aritzeko Mintzaeskalada. Bihar, martiztena, maiatzaren 26an egingo dute Gorlizko kiroldegian, 17:00etatik 19:00etara, eta leku mugatuak dituela ohartarazi dute antolatzaileek.

Ekimenaren helburua mintzapraktika ohiko testuinguruetatik ateratzea dela azaldu dute, eta egitasmoa kirol jarduera bategaz uztartuta euskaraz aritzeko aukera ematea. Saioan parte hartzeko, katu-oinak eramatea eskatu dute, baita eskaladan apur bat ibilita egotea gomendatu ere, jarduera erosoagoa izan dadin.

Izena ematea zabalik dago daborduko, eta aurrez izena ematea derrigorrezkoa izango da, lekua mugatua delako. Interesdunek esteka honen bidez eman ahal izango dute izena, edo bestela, 619 935 541 (Egizu), 722 71 05 95 (UK Berbalaguna) edo 621 27 05 46 (Berbots Erandio) telefono-zenbakietara ere deitu dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun