TAOa hurrengo aste-akabu itzuliko da berriro, ekainaren 13an eta 14an, eta hortik aurrera egunero egongo da martxan irailaren 15era arte. Ondoren, zerbitzua zapatu eta domeketan baino ez da mantenduko urriaren 11ra arte.
Aurtengo egutegi berezi hori ordenantzan egindako aldaketen eta zerbitzuaren tramitazio administratiboan izandako atzerapenaren ondorio da. Orain arte, hondartza inguruko TAO eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren barruan zegoenez, esleipena urtero berritu behar izaten zen. Orain, Eusko Jaurlaritzak Kostaldeen eskumenak bere gain hartu ondoren, ez da baldintza hori bete beharko, eta indarrean dagoen kontratuak lau urteko iraupena izango du.
Aldaketetako bat da TAOa maiatzaren bigarren hamabostalditik ekainaren lehen hamabostaldira, eta irailaren bigarren hamabostalditik urriaren lehen hamabostaldira, zapatu, domeka eta jaiegunetan ere aplikatzea. Hala ere, kontratuaren kudeaketak direla eta, sistema berria ez da maiatzerako prest egon, eta horregatik hasiko da ekainaren lehen aste-akabu honetan.
Ohiko aparkaldi arautua ekainaren 15ean hasiko da, eta ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da.
Eremu arrosa
Bestalde, aurten eremu arrosa sortuko dute. Gorlizen erroldatutako pertsonentzat izango da soilik, eta bertan doan eta denbora-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute. Aparkaleku horiek hainbat kaletan egongo dira; besteak beste, Artebiondo, Arteaga, Gaminiz, Mungia Bidea, Solotxikerra, Ortuarte, Larrabe, Areatza eta Mastizar kaleetan.