Gorlizko Udalak hamar partzela aterako ditu enkantera, etxebizitza sozialerako baliabideak lortzeko

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 16a

Eskaintzak uztailaren 9ra arte jasoko dituzte Euskadiko kontratazio-profilean.

Gorlizko Udalak Andra Marin eta Guzurmendin dauden hamar udal-partzela jarriko ditu salgai enkante publiko bidez, etxebizitza sozial eta eskuragarrien politikak finantzatzeko baliabide ekonomikoak lortzeko. Prozesua interesa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei dago zabalik, eta eskaintzak uztailaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira Euskadiko kontratazio-profilean.

Enkantera aterako diren ondasunen artean, Udalaren jabetza osoko lursailak eta beste partzela batzuetan dituen partaidetzak daude. Guztien irteerako balioak 2,4 milioi euro gainditzen ditu, eta lote bakoitza eskaintza ekonomiko altuena egiten duenari esleituko zaio, betiere ezarritako gutxieneko prezioa berdindu edo gainditzen badu.

Lursail gehienak familia bakarreko edo bi familiako etxebizitzak eraikitzeko bizitegi-partzelak dira, Gorlizko hirigintza-garapeneko hainbat eremutan banatuta. Irteera-prezioak 35.306,91 eurotik 543.800 eurora artekoak izango dira.

Udalak azaldu duenez, ekimenaren helburua udal ondarea baliabide ekonomiko bihurtzea da, etxebizitza publikoaren aldeko politikak indartzeko eta herritarrek etxebizitza duin eta eskuragarri bat izateko aukerak zabaltzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun