Dastatuartek artea, gastronomia eta herritarren parte-hartzea batuko ditu Gorlizen uztailaren 3tik 5era

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 18a

Aurten, Gorlizko 12 taberna eta jatetxek parte hartuko dute Pintxo Lehiaketa ospatsuan. © GORLIZKO UDALA

Gorliz artearen eta gastronomiaren erakusleiho handi bilakatuko da uztailaren 3tik 5era, Dastatuarteren zazpigarren edizioagaz. Jaialdiak 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu adin guztietarako, herriko zazpi gunetan banatuta, eta tailerrak, ikuskizunak, kontzertuak, foodtruckak, artisau-proposamenak, dastaketak eta herritarren sorkuntzak uztartuko ditu, besteak beste.

Pintxo Lehiaketak protagonista gisa errepikatu du aurten ere, eta, guztira, Gorlizko 12 taberna eta jatetxek parte hartuko dute horretan. Hala, aste-akabu osoan zehar herritarrek eta bisitariek euren proposamenak dastatu eta bozkatzeko aukera izango dute. Fernando Garcia Acha Turismo eta Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, lehiaketa horren bitartez, parte-hartzaileek 300 eurotan baloratutako saski gastronomiko baten zozketan sartzeko aukera izango dute; horretarako, Pintxo Bonoa zigilatu eta uztailaren 5ean, domekan, 16:00ak baino lehen utzi beharko dute horretarako prestatutako kutxetan.

Urtero legez, gastronomiak pisu handia izango du egitarauan: tailer gastronomikoak, dastaketak, nekazal eta artisautza azoka, taloak, foodtruckak eta tokiko produktuekin lotutako hainbat proposamen izango dira. Nazioarteko zaporeentzako tartea ere egongo da, Asiako sukaldaritza tailer bategaz, eta plaza mugatuak dituzten jardueretan parte hartzeko izena eman beharko da ekainaren 19tik aurrera Gorlizko Turismo Bulegoan, telefonoz edo posta elektronikoz.

Arte eszenikoek eta sormenak ere osatuko dute mosaikoa. Alejandro Revuelta mentalistak Enigmas ikuskizuna eskainiko du, Patri Muñozek umorea ekarriko du, eta familientzat Sardina Freskue musika eta dantza ikuskizuna izango da. Horrez gain, poesia errezitaldiak, ipuin-kontalariak, zirku ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak eta sormen- tailerrak ere antolatuko dituzte; horien artean, Gerry Regitschnig Cirque du Soleil-eko clown-ak eskainiko duen tailerra nabarmendu dute antolatzaileek, sormena, akatsa eta barruko clown-a lantzeko.

Dastatuarteren ardatzetako bat herritarren parte-hartzea izango da beste behin. Gorlizko Ikastetxeko ikasleek, ludotekako umeek, Gaztelekuko gazteek eta udal pintura ikastaroetako parte-hartzaileek egindako lanek herriko hainbat txoko apainduko dituzte, kaleak aire zabaleko erakusketa kolektibo bihurtuta. Elkartasunak ere lekua izango du jaialdian: uztailaren 5ean, 14:00etan, Elizako plazan egingo duten paella solidarioa Adela EH fundazioaren alde izango da, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten pertsonak eta haien familiak babesteko.

Izena emateko: Turismo Bulegoan

Zenbait jardueretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da presentzialki Gorlizko Turismo Bulegoan (Eloisa Artaza 1) ekainaren 19tik aurrera, telefono bidez (946 774 348 / 688 818 876) edo emailez (info@visitgorliz.eus). Informazio gehiago eta egitarau osoa lotura honetan kontsultatu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun