Gorlizko Udalak 66.000 euro bideratuko ditu gazteen emantzipazioa eta etxebizitzen egokitzapena sustatzera

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 18a

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 7ra arte egongo da zabalik. © GORLIZKO UDALA

Gorlizko Udalak herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duten bi laguntza-lerro berri jarri ditu martxan. Guztira, 66.000 euro bideratuko ditu gazteen emantzipazioa erraztera eta adinekoen zein behar bereziak dituzten pertsonen etxebizitzak egokitzera.

Diru-partidarik handiena, 36.000 eurokoa, 22 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako emantzipazio-laguntzetara bideratuko da. Udalaren arabera, helburua gazteei alokairuko etxebizitza bat eskuratzen eta mantentzen laguntzea da, etxebizitzaren garestitzeak eta merkatuaren egoerak emantzipazioa gero eta zailago bihurtu duten testuinguruan. Laguntzak Gorlizen erroldatuta dauden eta laguntza eskatzen duten etxebizitzan bertan bizi diren gazteentzat izango dira. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Bestalde, Udalak beste 30.000 euro martxan jarriko ditu Etxean Eroso programaren bidez. Ekimen honen helburua 75 urtetik gorako pertsonek, mugikortasun urriko herritarrek edo zentzumen-desgaitasuna dutenek beren etxeetan segurtasun eta autonomia handiagoz bizitzen jarraitu ahal izatea da.

Laguntza horien bidez, besteak beste, komunak egokitzeko lanak, bainuontziak kendu eta dutxak jartzea, barra eusleak instalatzea, ateak eta korridoreak zabaltzea, zoladura seguruagoak jartzea edo argiztapena eta instalazio elektrikoak hobetzea finantzatu ahal izango dira. Etxebizitza eskatzailearen ohiko bizilekua izan beharko da, eta lanak 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dira. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 30era arte egongo da zabalik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun