Gorlizek omenaldia egingo die frankismoak errepresaliatutako hiru gorliztarri

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 13a

Ekimen horien bidez, Udalak memoria historikoa berreskuratzen lagundu gura du.

Gorlizko Udalak omenaldia egingo die Ramon Gangoiti Sarria, Ramon Bilbao Onaindia eta Rafael Ziluaga Mellique frankismoak errepresaliatutako hiru gorliztarri. Ekitaldia uztailaren 21ean izango da, eta udalerriko osoko bilkuren aretoan haien izenak jasoko dituzten hiru oroimen-plaka jarriko dituzte.

Udalaren esanetan, ekimenaren helburua "errepresioa pairatu zuten pertsonen memoria gordetzea eta gertatutakoa ahaztu ez dadin laguntzea" da, 1937ko uztailaren 22ko gertakarien 90. urteurrena bete baino urtebete lehenago.

Omenaldiaren aurretik, uztailaren 15ean, herritarrei zuzendutako hitzaldia egingo dute. Bertan, Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren eta Gorlizen izandako errepresioaren inguruko testuinguru historikoa azalduko dute.

1937ko errepresioaren biktimak

1937ko uztailaren 22an, Ramon Bilbao, Gorlizko zinegotzi eta alkateorde izandakoa, eta Rafael Ziluaga, Gorlizko erietxeko atezaina, fusilatu zituen erregimen frankistak Bilboko Larrinagako kartzelan.

Bestalde, Ramon Gangoiti, garai hartako Gorlizko alkatea, heriotza-zigorrera kondenatu zuten. Gerora, ordea, zigorra bizi osoko espetxe-zigorragatik ordezkatu zioten.

Ekimen horien bidez, Udalak memoria historikoa berreskuratzen lagundu gura du, eta frankismoaren errepresioa pairatu zuten gorliztarren oroimena aitortu zein belaunaldi berriei gertatutakoa ezagutarazi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun