Horretarako, nahikoa izango da ibilgailuaren matrikula sartu, aparkatzeko denbora aukeratu eta ordainketa egitea. Ez da aplikaziorik deskargatu beharko, ezta erabiltzaile-konturik sortu ere. Bizumez gain, Apple Pay eta Google Pay bidez ere ordaindu ahal izango da. Zerbitzua Mowiz plataformaren bidez eskainiko dute, eta parkimetroetako QR kodea eskaneatuta ere erabili ahal izango da.
Mowiz aplikazioa instalatzen dutenek, gainera, beste aukera batzuk izango dituzte eskura: aparkatzeko denbora mugikorretik luzatzea autora itzuli gabe, tiketa iraungi aurretik abisuak jasotzea edo, udal araudiak ahalbidetzen duen kasuetan, isunak kontsultatu eta kudeatzea.
Irailaren 15era arte egunero
Aurten, gainera, Udalak TAO-aren egutegia ere zabaldu du. Irailaren 15era arte egunero egongo da indarrean, 10:00etatik 20:00etara. Ondoren, urriaren 11ra arte, aste-akabuetan eta jaiegunetan bakarrik aplikatuko da.
Bestalde, aparkaleku arautuaren eremuak ere handitu dituzte. Aurten sortutako zona arrosan, esaterako, Gorlizen erroldatutako herritarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute doan. Erroldatuek eta abonudunek gainerako guneetan ere ez dute ordaindu beharko, zona gorrian izan ezik; bertan, erabiltzaile guztiek tarifa bera izango dute.
Udalaren arabera, aldaketak udalerriko trafikoaren eta aparkalekuen erabileraren inguruan egindako azterketa tekniko batean oinarritu dira, udako hilabeteetan aparkalekuak hobeto antolatzeko helburuagaz.