Gorlizko jaietan erasoen aurkako prebentzio eta esku-hartze protokoloa aktibatuko dute

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 23a

Jai-guneak espazio askeagoak eta seguruagoak izan daitezen sortu dute protokoloa. © GORLIZKO UDALA

Udalak adierazi duenez, Gorlizko txosnagunean eta aisialdi-guneetan sor daitezkeen eraso matxista, LGTBIQ+fobiko, arrazista eta bestelako indarkerien aurrean jarduteko protokoloa izango dute. Erasoak prebenitzea, erasotuak babestea eta erantzun koordinatua ematea da helburua.

Udalak aurkeztu duenez, protokoloa emakumeen, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen, pertsona arrazializatuen eta horiek babesten saiatzen diren pertsonen aurkako erasoetan aplikatuko da, jai-guneak espazio askeagoak eta seguruagoak izan daitezen.

Ildo horretan, azpimarratu dute protokoloaren helburua ez dela bakarrik erasoren bat gertatuz gero erantzutea; prebentzioa eta sentsibilizazioa ere ardatz izango ditu. Horretarako, jaien aurretik protokoloa jaietako eragileen artean landuko dute, hala nola jai-batzordean, kuadrilletan, txosna-batzordean eta bertan txandak egingo dituzten herritarren artean. Gainera, jakinarazi dutenez, erasoen aurkako kartelak eta lemak ere jarriko dituzte, eta laguntza behar duenak nora jo jakiteko seinaleak prestatuko dituzte.

Udalak dioenez, erasoren bat gertatuz gero, protokoloak argi jasotzen du lehentasuna erasotua izan den pertsonari emango zaiola beti. Haren beharrak "entzun, ez epaitu, konfidentzialtasuna bermatu eta gune lasai edo seguru batera laguntzea" aurreikusten da, betiere pertsona horren borondatea errespetatuta. Adierazi dutenez, helburua erasotua babestuta sentitzea eta txosnagunea espazio segurua izatea da; horregatik, erasotzaileari dagokionez, beharrezkoa bada, erasotzaileari gunetik alde egiteko eskatuko zaio.

Protokoloak salaketa publiko edo sozialerako aukera ere jasotzen du. Gaineratu dutenez, erasotuak nahi badu, txosnako musika kendu eta kuña edo sirena erabiliko dute gertatutakoa salatzeko. Horrez gain, laguntza-telefonoak ere zehaztu dituzte: SATEVI, 900 840 111; Bizkaia Krisi Zentroa, 900 840 977; Berdindu, 900 840 128; eta Gorlizko Udaltzaingoaren arduraduna, 688 78 45 25.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun