Obrek hiru ardatz nagusi izango dituzte: aerotermia bidezko berokuntza-sistema berria, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako jolasgune berria eta berotegia izango duen baratze didaktikoa.
Jarduketarik handiena berokuntza-sistema aldatzea izango da. Gaur egun erabiltzen den sistema ordezkatu, eta aerotermia ezarriko dute. Teknologia horrek kanpoko airearen energia aprobetxatzen du berokuntza eta ur beroa sortzeko, energia-kontsumoa eta emisio kutsagarriak murriztuz.
Ekaitz Pau alkatearen esanetan, aldaketari esker eskolak "erregai kutsatzaileen menpe egoteari utziko dio" eta eraikin eraginkorragoa izango da.
Jolasteko eta ikasteko gune berriak
Eraikinaren barruko hobekuntzez gain, eskolako kanpoaldea ere eraldatuko dute. Patio estaliaren ondoan jolasgune berri bat sortuko dute Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Espazioak hainbat gune izango ditu: oreka eta mugimendua lantzeko elementuak, atseden hartzeko txokoa hamakakaz eta piknik-mahaiakaz, eta aire zabalean jarduerak egiteko arbel bat. Gainera, segurtasun-lurzoru berezi bat jarriko dute; udan ez da kautxu arrunta bezainbeste berotuko eta iraunkorragoa izango da.
Obrak aprobetxatuta, estalitako patioaren saskiak ere berrituko dituzte.
Baratzea eta berotegia ikasgela bihurtzeko
Proiektuaren hirugarren berritasuna baratze didaktikoa izango da. Orain arte erabili gabe zegoen patioko eremu bat berreskuratuko dute, eta bertan baratzea eta berotegia eraikiko dituzte.
Helburua ikasleek laboreak, elikadura eta ingurumenaren zaintza modu praktikoan lantzea da, natura eguneroko ikaskuntzaren parte bihurtuz.
Udalak adierazi du hiru jarduketak uda honetan egingo direla, ikasturte berria hasi aurretik eskolak espazio berriak erabiltzeko moduan egon daitezen.