Gorlizek 619.000 euro baino gehiago inbertitu ditu 14 kale eta bide berritzeko

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 11

Udalak herriko kaleak eta bideak mantentzen eta hobetzen jarraituko duela aurreratu du.

Gorlizko hainbat kale eta bidek itxura berria dute azken hilabeteotan egindako lanen ostean. Udalak 619.213,63 euro inbertitu ditu guztira 14 kale eta bidetan, 2026ko asfaltatze-kanpainaren barruan. Asfaltoa berritzeaz gain, abiadura murrizteko gailuak jarri, kutxatilak egokitu, espaloiak beheratu eta seinale horizontal zein bertikalak berritu dituzte.

Lanak ez dira herrigunera mugatu, eta udalerriko hainbat auzo eta aldiritara ere iritsi dira. Udalaren arabera, esku-hartze bakoitza toki bakoitzean antzemandako beharretara egokitu dute, herriko mugikortasuna hobetzeko eta auzo guztiek azpiegitura egokiagoak izan ditzaten.

Egindako lanen artean, Udalak Palanketeko esku-hartzea nabarmendu du. Gorlizek eta Plentziak partekatzen duten kalea izanik, bi udalek elkarlanean egin dituzte bertako hobekuntzak. Helburua kalearen egoera berritzea eta bertatik igarotzen diren herritarrei bide seguruago eta erosoagoa eskaintzea izan da.

 

 

 

 

 

 

 

 

Lokatzak sortzen zituen arazoei ere irtenbidea

Asfaltatze-kanpaina  egoera txarrean zeuden beste bide eta sarbide batzuk konpontzeko ere baliatu dute. Zenbait tokitan, euria egiten zuenean lurra erraz lokazten zen, eta horrek oinezkoen zein ibilgailuen joan-etorria zailtzen zuen. Asfaltatze-lanei esker, Udalak  sarbide horiek seguruagoak, erosoagoak eta irisgarriagoak direla dio orain, urteko edozein sasoitan erabiltzeko.

2026ko kanpaina amaituta, Udalak herriko kaleak eta bideak mantentzen eta hobetzen jarraituko duela aurreratu du, sortzen diren beharrei eta herritarrek helarazitako eskaerei erantzunez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun