24 urteko gizon bat espetxeratu dute Gorlizen, sexu-askatasunaren aurkako delituengatik

Izaro Garcia

Atxiloketaren ostean, gizonak agenteei aitortu zien abuztuaren 8an antzeko beste eraso bat egin zuela.

Ertzaintzak 24 urteko gizon bat atxilotu du Gorlizen, emakume gazteen aurkako sexu-erasoakaz lotuta. Epailearen esku utzi ostean, espetxeratzeko agindua eman dute. Orain arte hiru kasuren berri izan dute ikertzaileek, eta ikerketa zabalik dago, antzeko egoerak jasan dituzten emakume gehiago egon daitezkeelakoan. 

Irailaren 3an 22 urteko emakume batek salaketa jarri ostean abiatu zuen ikerketa Ertzaintzak. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumea etxera bueltan zihoan goizaldean, jende gutxi zebilen eta etxebizitzetatik aldenduta zegoen inguru batetik. Une batean, gazte bat atzetik segika zuela ohartu zen eta, handik gutxira, aurpegia buru-beroki bategaz estalita zuen gizon bat sexu-erasoa egiten saiatu zitzaion. 

Biktimak aurre egin zion eta bien arteko borrokan hainbat urradura eta ubeldura izan zituen. Inguruko bizilagun bat emakumeari laguntzera hurbildu zenean, erasotzaileak ihes egin zuen. Ertzaintzak egindako ikerketari esker, 24 urteko ustezko erasotzailea identifikatu eta joan den zapatuan atxilotu zuten.

Atxiloketaren ostean, gizonak agenteei aitortu zien abuztuaren 8an antzeko beste eraso bat egin zuela. Kasu hartan, 21 urteko emakume batengana hurbildu zen, berriro ere aurpegia estalita eta jenderik gabeko inguru batean. Bularraldetik heldu eta bultza egin zion, baina emakumea oihuka hasi zenean ihes egin zuen. Gerora, Ertzaintzak biktima identifikatu zuen eta hark salaketa jarri zuen. 

Beste emakume batengana ere hurbildu zen

Gorlizko Udaltzaingoaren laguntzagaz egindako ikerketan, beste kasu baten berri ere izan dute. Irailaren 3ko gau berean, atxilotua beste emakume baten zain egon zen, Segurtasun Sailaren arabera; emakumeak, ordea, ibilgailu batean sartzea lortu zuen eta handik alde egin zuen.

Polizia-eginbideak amaituta, gizona epailearen esku utzi zuten astelehenean, eta agintari judizialak espetxeratzeko agindua eman zuen. Ikerketak zabalik jarraitzen du, salatu gabeko antzeko gertakari gehiago edo biktima gehiago egon daitezkeen argitzeko. Orain arte ezagututako kasuetan, Segurtasun Sailaren arabera, erasotzaileak goizaldean jarduten zuen, leku isolatuetatik bakarrik zihoazen emakume gazteengana hurbiltzen zen eta buru-berokia erabiltzen zuen aurpegia estaltzeko. Atxilotu zutenean, buru-berokia haren gauzen artean aurkitu zuten. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun