Egitasmoak egunerokoan eragina duten hainbat arlo jarriko ditu mahai gainean: ura, energia, elikadura, biodibertsitatea, hondakinak, ongizatea eta klima-aldaketa, besteak beste. Helburua Gorlizek baliabide horiek zelan kudeatzen dituen aztertzea da, baita etorkizunera begira herrian egin daitezkeen urrats berriak lantzea ere.
Proiektua ez da hutsetik sortu. Bere abiapuntua 2025ean martxan jarritako Gorlizko baratze ekosozialak dira. Baratze horiek elikagaiak landatzeko toki izateaz gain, herritarren artean ezagutzak partekatzeko, ingurunea zaintzeko eta komunitatea sortzeko espazio gisa planteatu zituzten.
Orain, esperientzia hori herriko beste eremu batzuetara zabaldu gura dute. Besteak beste, eskura dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko aukerak, tokiko ekoizpena eta kontsumoa indartzeko moduak, hondakinak murrizteko neurriak edo pertsonen arteko harremanak eta ongizatea sustatuko dituzten espazioak aztertuko dituzte. Gorlizek dagoeneko baditu jasangarritasunagaz lotutako beste hainbat ekimen, tartean bizikletaren eta garraio publikoaren arteko lotura errazteko BiziPark zerbitzua.
Herritarrei irekitako aurkezpena
Gorliz Resiliente irailaren 24an, 18:00etan, Udaletxean aurkeztuko dute. Saioa herritar guztiei irekita egongo da, eta bertan orain arte egindako lana azalduko dute, baita hemendik aurrera proiektuaren barruan landu gura dituzten ildo berriak ere.
Hala, aurkezpena proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko lehen aukera izango da, baina baita Gorlizek datozen urteetako ingurumen- eta komunitate-erronkei zelan erantzun diezaiokeen hausnartzeko abiapuntua ere.