Gorlizko kaleak korrikalariz beteko dira domekan Herri Krosagaz

Izaro Garcia

Parte-hartzaileek dortsala eta kamiseta aldez aurretik jasotzeko aukera izango dute. © GORLIZKO UDALA

Txikienetatik hasi eta 10 kilometroko erronkari heltzeko prest dauden korrikalarietaraino, adin guztietarako hitzordua izango da domeka honetan Gorlizen. Irailaren 27an Gorlizko Herri Krossaren zortzigarren edizioa egingo dute, eta lasterketek herrigunea, Urezarantza eta hondartzako pasealekua zeharkatuko dituzte. Lehenengo probak 10:30ean hasiko dira, Elizako plazatik.

Etxeko txikienek zabalduko dute eguna. 10:30etik aurrera, 1 eta 8 urte arteko umeentzako lasterketak egingo dituzte. Ordubete geroago, 11:30ean, gazteen eta helduen txanda izango da, bi distantziagaz: 5 kilometroko proba, 10 urtetik gorakoentzat, eta 10 kilometrokoa, 14 urtetik gorakoentzat. Webgune ofizialaren arabera, 5 kilometroko ibilbideak 75 metroko desnibel positiboa izango du, eta 10 kilometrokoak, 150 metrokoa. 

Baina helmugara heltzeagaz ez da eguna amaituko. Korrikalarien artean 30 sari baino gehiago zozkatuko dituzte, Gorlizko saltokien laguntzari esker. Horien artean egongo dira 300 euro inguruko balioa duen QLED telebista bat, jatetxeetako menuak zein gosariak, produktu-sortak, arropa, kirol-materiala, entrenamenduak eta edertasun-tratamenduak. Zozketa 13:00etan egingo dute, Udaletxearen aurrean.

Dortsalak, aldez aurretik edo domekan bertan

Parte-hartzaileek dortsala eta kamiseta aldez aurretik jasotzeko aukera izango dute. Barikuan, irailaren 25ean, 17:00etatik 21:00etara, eta zapatuan, irailaren 26an, 10:00etatik 13:00etara, kiroldegian banatuko dituzte. Domekan bertan ere jaso ahal izango dira, 09:30etik 11:15era, udal-frontoian.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun