HOPE! dokumentalaren proiekzioagaz hasiko da gaur "Gorliz Resiliente"

Izaro Garcia

HOPE! dokumentalaren zati bat © HOPE

Klima-aldaketaren inguruan arazoez hitz egin beharrean, dagoeneko martxan dauden irtenbideei begiratzea. Horixe proposatzen du HOPE! Estamos a tiempo dokumental-sailak, eta gaur, irailaren 24an, Gorlizen ikusteko aukera egongo da. Lehenengo proiekzioa 18:30ean egingo dute Udaletxean, Gorliz Resiliente egitasmo berriaren barruan.

Javier Peña ingurumen-dibulgatzaileak gidatutako dokumentalak sei kapitulu ditu, eta munduko hainbat lekutan klima-krisiari aurre egiteko dagoeneko erabiltzen ari diren benetako irtenbideak erakusten ditu. Horretarako, 17 herrialdetan grabatutako esperientziak bildu dituzte, nazioarteko hainbat aditu eta zientzialariren parte-hartzeagaz.

Energia berriztagarriak, ekosistemen leheneratzea edo egungo eredu ekonomikoaren eraldaketa dira sailean lantzen dituzten gaietako batzuk. Besteak beste, Jane Goodall, Mark Ruffalo, Christiana Figueres, Kate Raworth eta Fernando Valladares bezalako aurpegi ezagunek hartu dute parte. Dokumentala 2025ean estreinatu zuen RTVEk, eta gaur egun sei kapituluak RTVE Playn ikus daitezke.

Gorliz Resiliente-ren lehen urratsetako bat

Proiekzioa Gorliz Resiliente proiektuaren barruan antolatu dute. Egitasmoa gaur bertan aurkeztuko dute, 18:00etan, Udaletxean, eta herria etorkizuneko ingurumen-erronken aurrean hobeto prestatzeko sortu dute. Ura, energia, elikadura, biodibertsitatea, hondakinak, ongizatea eta klima-aldaketa izango ditu lan-ildoetako batzuk.

Proiektuaren abiapuntua 2025ean martxan jarritako baratze ekosozialen esperientzia da. Orain, filosofia hori beste esparru batzuetara zabaldu gura dute, herriko baliabideak zelan kudeatzen diren aztertu eta Gorlizen bertan egin daitezkeen urratsak lantzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun