Egitasmoaren bidez, adinekoen esperientziatik abiatuta, Gorlizko egunerokoa errazteko zer aldaketa egin daitezkeen identifikatu gura dute. Topaketetan kaleen eta espazio publikoen irisgarritasuna, herrian mugitzeko aukerak, Udalak adinekoakaz komunikatzeko erabiltzen dituen bideak, udal-zerbitzuak eta gizarte-partaidetza izango dituzte hizpide.
Gorliz Lagunkoia azken hilabeteetan adinekoen inguruan egindako lanaren jarraipena izango da. Abuztuan, adinekoentzako aisialdi-aukerak biziberritzeko prozesua abiatu zuten; oraingo egitasmoak, berriz, esparrua zabaldu eta herriko beste hainbat alderditan jarriko du arreta.
Ekaitz Pau alkateak azaldu duenez, bileren bidez adinekoen beharrak "zuzenean" ezagutu ahal izango dituzte, eta hortik abiatuta herrian egin daitezkeen hobekuntzak aztertuko dituzte, kaleetako irisgarritasunetik hasi eta udalaren komunikazio-bideetaraino.