Gau Beltzak izua, mitologia eta festa ekarriko ditu Gorlizera

Gorlizko Udalak Gau Beltzaren ospakizuna hartuko du, sasoi aldaketei loturiko euskal errituala. ©GORLIZKO UDALA

Urriaren 30etik azaroaren 1era bitartean Gorlizen Gau Beltza ospatuko dute. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, ume zein helduentzako jarduerakaz, sasoi aldaketari lotutako euskal tradizioa ezagutarazteko.

Gau Bealtza ospatzeko prest dago Gorliz. Urriaren 30etik azaroaren 1era, beldurrak, mitologiak eta euskal tradizioek hartuko dituzte herriko kaleak. Udalak hiru eguneko egitaraua antolatu du, eta ez da faltako zer egin: antzerkia, tailerrak, izua-pasajea, dantza eta musika izango dira, besteak beste.

Barikuan, hilaren 30ean, hasiko dira ospakizunak, Txondor Plaza antzerki-zirku ikuskizunagaz. Geuretik Sortuak ekimenaren barruan sortutako lana 18:30ean eskainiko dute, Elizako plazan.

Zapatuan, goizetik gauera

Urriaren 31n izango da egun nagusia. Eguerdiko 12:00etatik gaueko ordu txikietara, Ibarreta plaza jardueraz beteko da. Umeentzako tailer beldurgarriak eta liburu-aurkezpena izango dira, besteak beste, eguneko proposamenen artean.

Arrastian, ausartenek izu-pasajean sartzeko aukera izango dute, 18:15etik 21:15era, Elizako plazan. Beldurra alde batera utzi eta euskal mitologian murgildu gura dutenentzat ere tartea egongo da: 18:30ean, Aritza Bergara idazleak gai horren inguruko saioa eskainiko du helduentzat.

Jateko aukerarik ere ez da faltako. Sasoiko zaporeez gain, Astoondo taldeak hanburgesa solidarioak salduko ditu, Fires sindromearen ikerketa laguntzeko. Iluntzean, Attitude eta Aratz dantza taldeen emanaldien txanda izango da, eta DJ saioek luzatuko dute jaia gaueko ordu txikietara arte.

Aste-akabuari amaiera emateko, azaroaren 1ean, Coco filmaren euskarazko emanaldia izango da ikusgai, Santu Guztien Egunagaz bat eginez. Proiekzioa 18:00etan hasiko da, Elizako plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun