Gorlizko ondare historikoaren beste pieza bat berreskuratuko dute laster. Iturritxu Jauregian zegoen dolare zahar bat herritarren eskura jartzeko lanean ari da Udala, eta Sertutxena eraikinaren atzean dagoen espazio publiko batean kokatuko dute, jatorrizko lekutik oso gertu. Bertan geratuko da behin betiko, herritarrek ikusi ahal izateko.

Dolarea 2025eko ekainean jaso zuen Udalak, aurreko jabeak haren kontserbazioa errazteko utzi ostean. Egurrez eta harriz egindako egitura tradizionala da, egurrezko prentsa eta harrizko oinarria dituena. Hala ere, denboraren joanak piezan arrastoa utzi du: egurrezko atal batzuk egoera onean dauden arren, beste batzuk nahiko hondatuta daude.
Horregatik, dolarea ikusgai jartzeaz gain, behar bezala babesteko neurriak hartuko dituzte. Udalak estalki berezi bat jartzeko proiektua bultzatu du, egitura eguraldiaren eraginetik babesteko eta epe luzera kontserbatu ahal izateko.
Proiektua Boriz Veliz arkitektoak idatzi du, Iturritxu Jauregia zaharberritzeko lanen arduradunak. Horrela, jauregiaren eta dolarearen arteko lotura mantendu eta bi ondare-elementuen arteko koherentzia arkitektonikoa zaindu gura dute.
Ekimen horregaz, Gorlizko Udalak herriko iraganaren parte den pieza bat gordetzeaz gain, herritarrei ezagutarazteko aukera ere zabalduko du.