Gorlizko hondartzara joan aurretik itsasoaren egoera ikusi gura dutenek ezin dute ohiko kameretara jo. Izan ere, hilabeteak daramatzate funtzionatu barik, eta egoerak hainbat herritarren kexak eragin ditu. Denbora luzez zerbitzurik gabe egon ostean, kamerak berriro martxan jartzeko eskatu dute.
Gorlizko turismo webgunean hondartzako zuzeneko irudiak ikusteko aukera dago, baina azken hilabeteotan bestelako mezu bat aurkitu dute erabiltzaileek: “Kamerak mantentze-lanetan daude”. Oraingoz, ordea, ez dute jakinarazi zerbitzua noiz berreskuratuko duten.
Kamerak erabilgarriak dira hondartzaren egoera bertara joan aurretik ezagutu gura dutenentzat. Besteak beste, itsasoaren eta eguraldiaren baldintzak ikusteko aukera ematen dute, eta horregatik erabiltzen dituzte herritarrek zein bisitariek.
Momentuz, ez dago argi zer dela-eta luzatu diren mantentze-lanak. Bien bitartean, kamerak konpondu eta zerbitzua lehenbailehen berreskuratzea gura dute kexa egin duten herritarrek.