Baratze ekologiko batean aritzeko edo igeriketa ikastaro batean parte hartzeko asmoa duten gorliztarrek udalaren laguntza jasotzeko aukera izango dute. Izan ere, Gorlizko Udalak bi diru-laguntza lerro zabaldu ditu, herritarren artean ohitura osasungarriak eta jasangarriak sustatzeko helburuagaz.
Alde batetik, baratze ekologikoen erabilera alokatzeko laguntzak eskainiko dituzte. Ekimenaren bidez, herritarrei aisialdia beste modu batean gozatzeko aukera eman gura diete, lurra lantzea eta ingurumenagaz lotutako ohitura jasangarriak sustatuz. Laguntza horiek eskatzeko epea abenduaren 4an amaituko da.
Bestetik, Sopelako udal igerilekuan egindako igeriketa ikastaroetarako diru-laguntzak ere eskatu ahal izango dira. Kasu honetan, helburua da Sopelan erroldatutako pertsonek eta udalerritik kanpo bizi direnek ordaintzen dituzten tarifen arteko aldea arintzea, gorliztarrek kirola egiteko aukera gehiago izan ditzaten.
Igeriketa ikastaroetarako laguntzak 18 urtetik beherakoentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta gutxienez lau hilabetez jarraian langabezian egon diren pertsonentzat izango dira. Baratze ekologikoen kasuan, berriz, familia-unitate bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du. Bi laguntza lerroak Gorlizen erroldatutako herritarrei zuzenduta daude.
Igeriketa ikastaroetarako eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 14a izango da. Diru-laguntzen baldintzei eta eskaerak egiteko moduari buruzko informazio gehiago Gorlizko Udalaren webgunean kontsulta daiteke.