Nazioa gara! Euskal Herria batera!

Erabiltzailearen aurpegia Abian Kultur Elkartea 2020ko api. 10a, 13:17

Abian Kultur Elkarteak ere bat egin nahi du "Euskal Herria batera" dinamikak aberri egunerako egin duen deialdiarekin. Beraz, zuen leiho eta balkoietan ikurrina eta propio sentitzen dituzuen ikurrak eskegitzera animatzen zaituztegu.

Algortarrak gara, euskal herritarrak. Medellinen, Gurutzetan, Aaiunen, hezetasunan ala portu zaharrean jaioak. Momentu honetan bertan bizi gara edo urrun gaude, edo urrun mantentzen gaituzte. Batzuk bekarioak gara. Beste batzuk zerbitzari-garbitzaileak, edo osasun arloko langileak. Pentsionistak, edo gazteak. Kazetariak, ikasleak, eta baita irakasleak ere.

Gauza askok definitzen gaituzte, eta identitateak pilatzen goaz etengabe. Adarrak luzera eta forma ezberdinetakoak izan ditzake zuhaitzak; baina, horretarako, ezinbestekoak ditu SUSTRAIAK. Sustrai sendoak ez baditu ekaitzak eramango du zuhaitza. Euskal Herria gara, nazioa gara! Identitate anitz horiek berotasunez hartzen dituen nazio txiki, zahar eta maitagarria. Garrantzitsua deritzogu gure identitatea, hizkuntza, kultura, ohiturak eta historia zutabe dituen aterik gabeko etxe hori zutunik mantentzeko lan egitea. Aberats egiten gaituelako, krisi ekonomikoez ulertzen ez duen aberastasuna ematen digu. Aniztasuna erosoago bizitzen lagundu dezakeelako; identitateak pilatzea errazagoa delako sustraiak lurrean errotuta dituzunean.

Eta egungo egoera zailean, aberastasun horrek indartzen gaitu. Baina hurbiltasunetik kudeatu nahiko genuke hau ere; hobeto ezagutzen baitugu hurbil dugunaren beharra. Ondo ikasi dugu zein garrantzitsua den ezagutzea hurbil ditugunen gabeziak eta beldurrak, horiei elkarrekin aurre egin ahal izateko. Bai, sinisten dugu krisi egora hau ere hobeto kudeatu ahalko litzatekeela Euskal Herri aske batean. Elkar zainduz egingo dugu denok aurrera. Eta atzean utzitakoen arrastoak lagunduko digu bidea egiten, amesten dugun Euskal Herri aske eta solidarioaren bidean. Kaleetan euskara entzutea sorpresa zen lehen, hasi etxean ohiturak aldatzen eta kaleak berreskuratzean egin dezagun euskaraz. Mundu nahasi honetan gure izaera desegiten ari zela senti genezakeen, baina etxetik bertatik erakutsi dugu badaukagula munduan egoteko modu bat. Ez da gutxi herri honek eskaini dezakeena

Jarrai dezagun Euskal Herria batera eraikitzen. Algortatik, gure etxeetatik. Sinboloak, ohiturak, hizkuntza transmisioa, erabilera... jarrai ditzagun zazpi Euskal Herriak bat egiten. Jarri euskal ikurrak leiho eta balkoietan, adierazi bagarela nor. Abestu, dantzatu, ospatu!!! Eta segi Herria eraikitzen! Nazioa gara!

Euskal Herria Batera!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun