Lehenik eta behin, Abian prozesu horretan ez dagoela argitu nahi dugu, beraz, bere patrimonio zein jarduera ez dago arriskuan. Sententziak Gorrondatxe Kultur Elkarteari eragiten dio, eta baita Algortako Herriko Tabernari ere. Hau da gaur egun Abianek kudeatzen duen lokala. Noski, ez da sumarioan dagoen eskualde honetako lokal bakarra. Gogorarazi nahi dugu, lokalez gain, prozesu honetan pertsonak ere izan zirela epaituak, algortaren kasuan bi kide.
Gaur berpiztu duten prozesuaren epaiak Herriko Tabernak lapurtzea suposatzen du. Hala ere, oraingoz Auzitegi Nazionalak agindu duen bakarra kontuen enbargoa da. Tabernak ixteko agindurik ez du eman. Litekeena da, berriz ere, orain arte bezala egoera hau egunetan, asteetan, hilabeteetan edo urteetan zehar luzatzea.
Emandako pausoak, baina, denoi bergogorarazi digu Herriko Tabernak eta bertan garatzen den eskaintza soziokulturala zein askotariko lan politikoa arriskuan dagoela. Abian Kultur Elkartearen iritziz berebizikoa da horrelako espazio bat izatea. Bertan herriko artista ezberdinen erakusketak antolatu dira, sukaldaritza tailerrak, umeentzako saioak, askotariko bideo-emanaldiak, hitzaldi eta mahainguruak, bertso saioak, afari eta bazkariak... Herriko Taberna herriko eragile ugariren elkargune izan da, euren lana garatzeko beharrezko espazio. Eta ez soilik ezker abertzaleari loturiko eragileena. Beraz, ez izan zalantzarik Bidebarriko lokala lapurtzeak ez duela suposatuko proiektuaren bukaera. 1978an Gorrondatxerekin egin bezala, egun ere indarra eta gogoa soberan ditugu oinarri berdinak izango dituen proiektu berri bat martxan jartzeko. Hori izango da ehundaka pertsonen esfortzu militanteari esker sortutakoa indarrez zapuztu nahia salatzeko modurik onena.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu modu batera ala bestera ardura erakutsi duzuen guztiei. Baita, noski, 42 urte luze hauetan zehar zuen alea jarri duzuen guztiei. Oraindik urte asko ditugu aurretik!