Jorratu ziren edukiei dagokienez, okupazioaren inguruko hainbat hausnarketa ezberdin atera ziren. Okupazioa zertarako? Nola burutu okupazioa? Nola ikusten da okupazioa gizartean? bezalako galderei erantzuten saiatu ziren Euskal Herri osotik zein kanpotik etorritako gonbidatuak, bakoitzak bere borroka propioetatik bizi eta ikasi izandakoak azalduz. Horrez gain, aurretik izandako edota gaur egun martxan dauden proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan genuen, hala nola, Gasteizko Errekaleor auzo okupatua, Txantreako emantzipazio bulegoa, Bartzelonako Can Vies zentro soziala eta Bilboko Okupazio Bulegoa, besteak beste.
Hala ere, jardunaldiak ez dira ekimen isolatua izan, eta bertan jorratutako edukiek jarraipena izatea planteatzen dugu. Izan ere, ikasturte hasieran aurkeztutako “Non daude giltzak?” kanpainaren baitan kokatzen ditugu, zeinak etxebizitza arazoaren aurrean, okupazioa alternatiba erreal gisa aurkezten duen. Beraz, hemendik aurrera, bai lehenagotik egindako zein jardunaldietan hausnartu eta ikasitakoa praktikara eramatea falta zaigu, hurrengo zita Txorimalo gaztetxearen urteurrenean burutuko den okupazio tailerra dugularik.