Zirkua Algortara heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Algortatik Hanka 2017ko mar. 6a, 23:28

Martxoak 4-ko larunbatean, Algortan pairatutako gertakari baten berri eman nahi dugu: Aurreko larunbatean, Algortako inauteri egunean murgilduta, herriko bi gazte Txikia Plaza inguruan aurkitzen den taberna ezagun baten terraza kanpoaldean aurkitzen ziren solasean. Halako batean, haien alboan zegoen beste terrazako mahaian 30-35 urte arteko tipo bat jarri zitzaiela jabetu ziren.

Bi lagunek bere horretan segi zuten hizketan, bat batean alboan zuten tipo hau hurbildu zitzaielarik galdera ezberdinak egiten. Bi gazteek, tipo honek zuen mozkor itxurari erreparaturik eta konfrontazioetan ez sartzeko, haria jarraitu zioten. Ea zergatik euskaraz aritzen ziren eta nongoak ote ziren galdezka ibili ondoren, bera "La Coruña"-koa zela erantzun zien gazteei, hauek beste horrenbeste galdegin ziotenean beranduago "Málaga"-koa zela aipatu zielarik orduan. Taberna horretan bere neskalaguna itxaroten ari zela esan zien bi gazteei.

Une horretatik aurrera giroa gaiztotzen hasi zen (gogorarazten dugu taberna honen terrazan soilik bi gazteak eta hirugarren pertsona hau aurkitzen zirela gertakariaren unean). "Vine a las Vascon... A Bilbao hace seis años..." hasi zitzaien terrazako aulkietan eserita aurkitzen ziren bi gazteei, hauei eskua ematen eta sorbaldatik besarkatzen uneoro, haien konfiantza eskuratu nahiean akaso. Segundoek aurrera egin ahala, bi gazteek aurrean zuten tipoa Algortako koarteleko espainiar pikolo okupatzaile bat izan zitekeenaren usain txarra somatzen hasi zioten egoera guzti horri.

Hala, "Putos vascos que vienen con sus pancartas" edo "Os he escuchado todo el rato hablar en vascuence" esaldiak jaurti ondoren, bi gazteei sorbaldatik besarkatu eta belarrietara "Putos etarras no teneis cojones, sois unos mierdas sin la capucha" xuxurlatu zien banan banan, bi gazte algortarrei haien garagardoak ostu eta edan zizkielarik aurpegira, hauen erreakzio biolento bat jasotzeko asmo bakarrarekin etengabe.

Modu honetan, 30-35 urteko tipo hau bi gazteetako bat aulkitik lurrera botatzen saiatu zen; honengatik jasotzen zituen mespretxu aurpegiengatik. Segundo batzuetara, handik ez mugitzeko eta barrara beste edari bat eskatzera zihoala esan zien bi gazte algortarrei.

Parada hau izatean, 30-35 urte arteko tipo hau taberna barrura edaria eskatzera sartu orduko handik ospa egin zuten bi gazteek berehala, inpotentzia eta amorruz gainezka.

Pare bat ordu beranduago, Algortako jai gunean murgildurik, taberna barruan zeuden pertsonek alboan izan zuten tipoa pikoloa zela berretsi zieten bi gazteei. Hare gehiago, pikoloa taberna horretatik anbulantzian atera zela argitu zieten, tabernara zipaioen patrulla zein erizain talde bat bertaratu zelarik. Antza, edaria eskatzera sartu zela aipatu dugun une horretan komunera joan eta gainean zeraman mozkorraldi (edo droga gehiagoren) eraginez kolpe bat hartu eta konortea galdu zuen pikoloak.

Honen aurrean, bi gazte algortarrek uneoro izan zuten zuhurtzia azpimarratu nahi dugu batetik, pikoloaren probokazioak jasaten ibili ziren ordu laurden horretan. Izan ere buruan oso presente baitzuten kartzeleratutako Adur, Jokin, Oihan eta gainontzeko burkide altsasuarrei eskatzen dieten 15 urteko espetxe zigorra urriaren 15-ean bizitako egoeragatik, haiei gertaturiko gidoiarekin antzekotasun asko izan baitzituen Algortan bizitako egoera honek.

Halaber, Algortako zein Euskal Herri Langile osoko jendarteari argi ibiltzeko deia luzatzen diogu, dei hau nabariagoa eginez herriaren baitan pikoloen koartel bat (Algortako kasuan den bezala) duten eskualde horiei. Izan ere espainiar indar okupatzaileek Euskal Herrian jarraitzen dute, eta edozein euskal herritarren bizitza izorratzeko prest daude.

Beraz, goazen eguneroko probokazio eta jazarpen honi hortzak erakustera! Alde hemendik!

Probokazio eta inpunitateari STOP!
Indar okupatzaileak kanpora!

Algortan, 2017ko martxoaren 6an
Algortatik Hanka
Indar Okupatzaileen Kontrako Mugimendua

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun