Juan Carlos I hegazkin-ontziaren etorreraren aurrean:

Erabiltzailearen aurpegia Algortatik Hanka 2019ko mar. 20a, 01:25

Berriro ere Getxo injustizia basatien erakusleiho bilakatu nahi digute, eta ez dugu onartuko. Espainiar indar armatuen DNAn dago herriok zapaltzea gutxi batzuen irabaziak bermatzeko. Pertsiar golkoan maniobrak egin eta gero gurera bisitan datorkigun gerra ontziak hemen nork agintzen duen erakutsi nahi digu, eta boterearen kontra altxatzeak ekar ditzakeen ondorioak argi utzi. Hona ere, nolabait, maniobrak egitera dator, gure portua deskantsurako erabiliz. Gu ez gaude prest beste alde batetara begiratu eta ezer gertatzen ez denaren plantak egiteko.

Hemengo langileon eskubideak murriztu eta bizi prekarioetara kondenatzen gaituzten berberak dira munduko beste txokoetako langileen kontrako erasoak interbentzio inperialisten eta biolentziaren bitartez gauzatzen ari direnak. Eta gerra hauek dira euren herria utzi eta bizi duin baten bila gurera datozen milaka errefuxiatuen etorreraren arrazoia. Gerra eginez aberasten dira, gero ondorioak pobreok, emakumeok, umeok; finean zapalduok, jasan ditzagun. Errefuxiatuak dira, hain zuzen ere, gutxi batzuen pribilegioen eta etekinen alde abiaturiko gerra hauen aurpegirik krudel eta latzena. Euskal Herritarrok, ordea, memoria daukagu. Ez dugu ahaztu nahi orain dela hamarkada batzuk euskaldun ugarik ere, goseak jota, beste herrialde batzuetara migratu behar izan zutela, gudatik ihes egin behar izan zutela, euskaldun asko ere errefuxiatuak izan zirela eta badirela oraindik ere.

 

Memoriaz gain, baina, herri bezala badaukagu erantzukizunik. Gerra hemen ere hasten delako. Zapalkuntza inperialistaren bitartez irabaziak metatzen dituztenak hemen ditugulako. Euskal Herria zentro inperialista horretan kokatzen den herria da, eta, zentzu horretan, gure herriak zuzenean parte hartzen du neoliberalismoa den oinarrizko eskubideen kontrako ofentsiban. Hendaiako Atzerritarrentzako Zentro Itxia, armak produzitzen dituen SAPA enpresa Andoainen, Iruñean Polizia Nazionalak eraildako Ndiaye senegaldarraren kasua, Bardeetako tiro poligonoa, Bilboko portuan jazotzen ari diren giza eskubideen kontrako eraso larriak… denak dira horren islada. Baita gerraontzi honen bisita ere.

 

Guk herrion arteko elkartasuna oinarri duen mundu batekin amesten dugu, eta horren aldeko lanean dihardugu. Euskal Herrian helburu horren alde borrokatzen ari gara, eta, aldi berean, gainontzeko herri langileekiko elkartasun internazionalista praktikara eramatea da gure konpromisoa. Gurean errepublika sozialista, feminista eta euskalduna sortzea, hortxe basakeri inperialistaren kontra egin genezakeen ekarpenik handiena, herri burujabe bezala besteekiko errespetuan oinarritutako harremanak garatu ahal izateko. Izan ere, herrion izaera kalkula ezin daitekeen biodibertsitate sozio historikoak dakarren aberastasuna da. Hori, ezinbestez, jendarte eredu burujabean mantenduko da, esplotazio eta zapalkuntza harremanak deuseztatzean.

 

Horrexegatik guztiagatik, internazionalismoa giltzarri askatzaile guztiz beharrezkoa da gure askapen prozesuan; eta zer esanik ez, egiturazko krisi kapitalista honen barruan. Kapitalak sortutako eraso ekonomiko, politiko eta militar honen aurrean, herri langileon arteko batasun eta elkartasuna sakondu beharrean gaude, aterabide antikapitalista, antimatxista, antiarrazista, antifaxista eta antiinperialista eraikiz.

 

Eta horrexegatik hain zuzen, egungo eredua mantentzeko ezinbesteko pieza den armada espainola ez da ongi etorria Euskal Herrian. Euren monarkia zapaltzailearen aurrean, gure hautua euskal errepublika askea delako mundu librean, Juan Carlos I Getxotik kanpora!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun