Eskailerak behera, tunelaren sarrera. Ezjakintasuna. Inseguritatea. Beldurra. Aurikularrak jarrita bihotza arintzen. Eta bat-batean, atzera begiratu. Atzera begiratu? Ibiltzeko ez al da aurrera begiratu behar? Aurikularrak kentzea hobe? Aurrera noa. Tunela argituta dago, ez da ezer gertatuko. Gainera nori eta niri gertatuko zait zerbait? Ezta pentsatu ere. Eskaileretan behera noa eta lehenengo sustoa. Sabeletik gora kalanbreak sentitu ditut eta nahiz eta ez dudan ikusi, ikara aurpegia jarri zait. Eta berak nabaritu du. Berak, nire aurrean agertu den gizonak. Inolako intentzio txarrik gabe kaletik zehar zihoan gizona. Harridura aurpegia jarri du begiratu nauenean. Imaginatzen dut zer pasatu zaion burutik: neska honi zer gertatzen zaio? Aurrean agertu eta izutu egin da. Zergatik ote?
Zergatik? Urtero 4 emakume inguru erailak izaten direlako. Emakumeen %40ak indarkeria matxista jasaten duelako. Bortxatuak izaten direnak zenbatezinak direlako. Hori al da emakumeon patua? Eguzkia ezkutatzen den momentuan beldurra sentitzea? Kaletik bakarrik lasaitasunez ezin ibiltzea?
Gauak emakumeon etsai izan behar al du? Ez al gara jendarte aske batean bizi? Demokratikoa, aurrerakoia, anitza… Zergatik orduan ez emakumeontzat? Zergatik dauka patriarkatuak 2015.urtean horrenbesteko indarra? Nor da horren erantzulea?