Eta azkar esaten da, baina 20 urte beranduago, nire unibertsitate ikasketak bukatuta ditudanean, zuk oraindik barruan jarraitzen duzu.
Bizitza oso bat lapurtu dizute. Iraganari begirada bat botaz gero, eta nire oroitzapenei tarte bat eskainiz, konturatzen naiz milaka direla nire bizitzan zehar igarotako momentu, esperientzia, bizipenak; tristeak, alaiak, beldurgarriak. Sartu eta irten diren pertsonak, betiko geratuko direnak, jadanik ez daudenak. Eta horretan guztian, bitartean, zu barruan izan zara.
Zuk ere bizi izan dituzu esperientziak. Zoritxarrez, nireak baino gogorragoak: etxetik 550 km-tara, 9 espetxe baino gehiago ezagutu dituzu... Eta gutxi balitz ere, estatu frantsesean gatibu emandako urteak kontuan hartu ez, eta estatu espainolak kartzelan mantentzen zaitu. Beste bizi oso bat lapurtu behar al dizute? Eta kezka bat etortzen zait burura: zoriontasuna aurkitu daiteke kartzelan? Benetan baiezkoaren desira daukat, ezin dudalako imajinatu bizitza oso bat zoriontasunik gabe.
Ez zaitut ezagutzen Muni, baina ez zara ezezaguna niretzat; zure aurpegia ondo ikasia daukat 20 urtez herriko hormetan ikusita. Eta beste hogei urte geratuko balitzaizkizu ere, bertan jarraituko zenuke, ez zaitugulako ahazten. Hormetatik zintzilik zaituztegu denak, egunero gogorarazten borrokak merezi duela, eta frustrazioak frustrazio, eta porrotak porrot, baditugula 400 arrazoi baino gehiago burua altxatu eta ez etsitzeko. Eta lan egiten jarraituko dugu, preso eta iheslari guztiak etxean eta aske izan arte. Pertsona batek behin esan zidan moduan: “It will happen, it’s only a matter of time”.