Jaiki, gosaldu, kalera irten… Eguzki goxoa beharbada; udaberriaren lehen sentsazioak. Merkatura joan astelehenero bezala… Eta bat-batean horrorea. Harrabotsa, kea, sua. Zerua ilun. Baina ez ziren txoriak, ez eta euria ere goitik behera jausten zena. Hegazkin militarrak ziren. Eta bonbak. Nongoak? Zergatik Gernika? Noren aginduz? Eta noren baimenaz?
Eta orduan kaosa. Familia bananduak, ume galduak. Gorpuak handik eta hemendik. Eraikinak sutan, eraitsita. Animalia hilak, landak suntsituak. Negarrak, izua, mina. Ezin zuen inork imajinatu ere egin astelehen hori horrela bukatuko zenik.
Eta 79 urte pasatu dira jada, nahiz eta atzo gertatu izan balitz bezala sentitzen dugun. Gernika izan zen egun horretan aukeratua, baina Euskal Herri osoari eraso egin zitzaion, gutako bakoitzari.
Bonbardaketaren errudunak “gorri separatistak” izan zirela saldu nahi izan ziguten merke. Mundua engainatu nahi izan zuten, bertsio faltsua berma ezina bihurtu zen arte. Baina orduan ere, ez zuen inork onarpenik egin eta are gutxiago barkamenik eskatu. Eta antza, erregimenaren inguruko inork ez zuen hegazkin alemaniar eta italiar horiekiko inongo loturarik izan. Garrantzia kendu nahi izan zioten ere gertatutakoari, Durangokoarekin konparatuta adibidez, ez zirelako hainbeste hildako egon.
Batzuetan, gezur bat milioi bat aldiz errepikatuz, egia bihurtu daiteke. Gu, aldiz, ohituegi gaude gezurrak entzutera, eta gurea ez den edozein kontaketa ez sinesteko hautua egin genuen aspaldi.
Gernikan, 1937ko apirilaren 26a.