Politika 2017-05-18 16:44

Bortizkeriaren aurpegi estalia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Larrakoetxea

Hausnartu dezagun “bortizkeria” terminoaren inguruan, polemika gehiegi eragiten ari baita azken egunotan.

Beraz, bortizkeria da alderdi politiko baten egoitzaren kontra zaborra botatzea, baina ingurumenean eta milaka pertsonen osasunean eragingo duen erraustegi bat eraikitzea, ez. Bortizkeria da margoketak egitea alderdi politiko baten egoitzetan, baina prekarietatera eta menpekotasunera kondenatzen gaituen estatu bateko ordezkari nagusiei aurrekontuak aurrera eramateko babesa ematea, ez. Bortizkeria da kaputxa erabiltzea eraikin baten kontrako ekintza batean, baina ez kaputxa erabiltzea pertsonak kolpatzerako orduan.

Orduan, argitzen joan gaitezen. Ez da bortizkeria herritarron interesen gainetik interes propioak bilatzea, herri oso bati iruzurra eginez. Ez da bortizkeria etxebizitza eskubidearen alde lan eginez alternatiba propioak eraikitzen dituztenen kontrako argi mozketak egitea. Eta noski, ez da bortizkeria auzo autogestionatu batean indarrez sartzea, bizilagunak jipoitzea eta hauek atxilotzea.

Duela bederatzi egun EAJ-k honako adierazpena egin zuen: “Berriro ere kaputxaren koldakeriaren atzean ezkutatzen denak eta zuzeneko ekintza erasokorrak egiten dituenak errealitatetik kanpo jartzen du bere burua. Herri honen bidetik eta etorkizunetik kanpo, alegia.”.

Kezkatu egin naiz, pentsatu dudalako ea ez ote nintzen zoratzen ari, hainbeste exijitu eta kritikatzen dutenak euren bake aldarrikapen eredugarriarekin bat ez datozela iruditu zaidanean. Eta orduan bururatu zait adierazpen horrekin ez ote ziren euren buruei buruz ari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa