Bizitza vs Kapitala

Erabiltzailearen aurpegia Ane Larrakoetxea 2020ko mar. 17a, 18:38

Erritmoa jaisteko, pausatzeko eta hausnartzeko tartea eskaintzen digu egungo egoerak. Aspaldian alboratutako boligrafoa eta koadernoa berreskuratzeko tartea. Erlojua eskumuturretik kentzeko aukera.

Leihotik begiratu eta euria. Pertsonaren bat kaletik eta kotxe batzuk. Polizia ere bai. Zerk eta etxetik ateratzeko debekuak eman behar izan dit barealdi apur bat. Kapitalismoak denok irensten gaitu; bestelako mundu baten alde borrokatzen garenak ere bai. Ondo prestatutako sistema da, leku guztietatik ondo jositako oihala. Herritarron osasuna arriskuan dagoenean ere kapitala, etekina, dirua, bizitzaren gainetik jartzen du. Izan ere, ez gara herritarrak, ez gara pertsonak; gehien daukatenek gehiago aberasteko tresnak gara, zenbaki hutsak. Baina hau guztia bagenekien. Ez da egun bat ere pasatzen langileren batek bere eskubideak urratuak ez dituena. Eta zer esanik ez lan istripu eta lanean bizitza galdu duten langile kopuruari dagokionez. Urtea hasi zenetik 16 langile hil ditu prekarietateak, eta beste bik desagertuta jarraitzen dute.

Kapitalismoak baina, ezingo luke aurrera egin patriarkaturik gabe, elkar elikatzen duten bi sistema zapaltzaile baitira. Atzo goizean berrogeialdiak eten ezin izan duen berri lazgarri batekin esnatu gara: gizon baten  emakume* bat erail du. Joan den astean beste bi emakume* erail zituen beste gizon batek.  Beraz, 3 dira jada indarkeria matxistak eraildako emakumeak* Euskal Herrian. Kapitalismoak langileok zapaltzen gaituen bezala, patriarkatuak emakumeok* zapaltzen gaitu. Makinaria oso bat dago prest horretarako. Komunikabideetatik hasi, instituzioetatik pasatu eta hezkuntza sistemaren bidez emakumeonganako zapalkuntza betikotu egiten da. Gure gorputzen hipersexualizazioa, honen gaineko erabakiak gure eskuetatik kendu eta genero rol zehatzak inposatzen zaizkigu. Baina hau guztia ere bagenekien. Ez da munduan emakume* bat ere bere bizitzan zehar eraso motaren bat jasan izan ez duenik, izan lanean, izan familian, bikotekidearen eskutik zein ezezagunen baten eskutik.

Leihotik begiratu eta egoerak berdin jarraitzen du, lasaitasun beldurgarri berdina. Baina zerbait aldatu egin da; izan ere, hainbat leiho elkarlotu egin dira. Elkarlotu egin dira sareak osatuz. Sareak osatuz gehien behar dutenei laguntzeko. Kapitalismoak bultzatzen duen indibidualismoari aurre eginez, ondo jositako oihalari zirrikituak bilatzen, era aurkitzen. Eskerrak Mugimendu Feministari. Eskerrak zaintza erdigunean jartzeagatik. Eskerrak Langile Mugimenduari, Mugimendu Feministaren aldarriak bere egiteagatik.

Herriak bakarrik salba dezake herria. Jarrai dezagun saretzen, jarrai dezagun antolatzen, jarrai dezagun elkar babesten, elkar zaintzen. Has gaitezen nahi dugun Herria eraikitzen, has gaitezen arduraz jokatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun