Indaba jana baino askoz ere gehiago

Erabiltzailearen aurpegia ErnaiAlgorta 2016ko urr. 28a, 19:42

Hamazazpi urte jada. Hamazazpi urte igaro dira lehen aldiz indaba jana aitzakiatzat hartuz Txiki Otaegi plaza eta Algortako kaleak algaraz, musikaz eta jai giroaz bete genituenetik.

Hamazazpi urte jada. Hamazazpi urte igaro dira lehen aldiz indaba jana aitzakiatzat hartuz Txiki Otaegi plaza eta Algortako kaleak algaraz, musikaz eta jai giroaz bete genituenetik. Bai, parranda paregabea sortzen dugu Indabadan; baina jai giroaz, dantzaz, musikaz, sagardoz eta ligoteoaz gozatzeaz gain, hainbat ukabilkada ematen dizkiogu sistemari.

Egun honetan, gazteok kaleak berreskuratzen ditugu eta baita aldarriz jantzi ere. Postureo elitistara bultzatu nahi gaituen udal gobernuaren espazio publikoaren erabileraren politikari planto egin eta hortzak erakusten dizkiogu. Indabadan, gazteok kaleak geure egiten ditugu. Getxoko udal gobernua kontziente da honetaz, badaki Indabadan kaleek eta plazek bere kontrolpetik ihes egiten dutela; badaki egun horretako bataila geuk irabazten dugula. Eta porrot honen aurrean zein da udalaren erreakzioa? Ume moko baten antzera amorratzea. Horren adibide dira urtero-urtero jasotzen ditugun isun ekonomikoak.

Kolokan jartzen dugu udal instituzio eta markoen existentzia bera eta baita ere udal legediaren zilegitasuna; hauetatik at eta hauen beharrik gabe herrian hainbeste arrakasta eta onarpen duen Indabada bezalako egun bat sortzeko kapaz garelako. Eta inongo instituzio zein lege markoren beharrik gabe gauza handiak egin daitezkeela ikusarazten diegulako herritarrei. EAJ-ren udal gobernuari azkura eragiten dio Indabadak. Izugarrizko mina egiten diegu egun honetan. Bejondeigula!

Baina udalari hortzak erakusteaz gain, kapazak gara baita ere amesten dugun herria irudikatzeko daukagun lientzoan lehen zertzeladak marrazteko. Kontsumo eta kapitalaren bizi eredu zapaltzailearen atzaparretatik ihes egitea lortzen dugu egun honetan, autogestioaren bitartez gazteok gazteontzako eguna sortuz: bertako produktoreen elikagaiak kontsumituz, geure elektrotxaranga propioaren musikaz dantzatuz(aupa Gazte Borraste!), geure aisialdi eredu propioa antolatuz, geurea eraikiz.

Hala ere, gure bizitzak eta gure herria sistema anker honek inposatzen digun kaka mordo honetatik askatzeko jarrera honetan sakondu behar dugu. Kaleak egunero hartu eta geure alternatiba propioak eraikitzen jarraitu behar dugu. Azken finean, Indabadaren filosofia gure eguneroko bizitzaren esparru guztietara trasladatu behar dugu. Bide honetan aurrera egiteko, aukera ezin hobea daukagu Barañainen abenduaren 9, 10 eta 11n; Gazteraiki izenaz ezaguna den gazte mugimenduen topaketetan.

Beraz, Indabada egunean goazen parrandaz gozatu, kaleak aldarriz bete, EAJren udal gobernua zirikatu eta geurea eraikitzera.

Gora indabada!

Gora Algortako gazteria!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun