Bidaliko ditugun eguna ospatuko dugu!

Erabiltzailearen aurpegia ErnaiAlgorta 2016ko aza. 14a, 22:47

Beste behin ere, amorrua berdez margotu da Euskal Herrian. Gatazka politikoaren errealitate gordinak patrol eta gizon armatuen aurpegia hartu du. Altsasuko herria eta bereziki bertako gazteria duela asteetatik jo puntuan egon da. Gaur muntaia polizial eta mediatikoak jarri du bere domina. Atxiloketak, albistegietako titularrak eta garailearen titulua.

Altsasuko gertakaria ez da zerbait isolatua, albiste hutsa. Urte asko dira Guardia Zibilak herri honetan dagokion papera betetzen duela: Franco, Borboi, FelipeX eta Rajoyren espainiar batasun konstituzionala kosta ala kosta inposatzea. Terrorismoaren aitzakiapean milaka eta milaka herritarrok sufritu behar izan ditugu kontrol, identifikazio, mehatxu, hilketa, jazarpen, tortura eta beste hamaika eraso. Gaurkoa horren segida da, pasarte berri bat.

Terrorismoa erabili izan badute aitzakiatzat ere, gogoratu behar da Guardia Zibilak beti izan duela paper garrantzitsua bat. Nafarroako kunetak herritarrez beteta egotea beraien “lan onaren” eredu dira adibidez. Hemen betetzen duten paperak badauka logika bat.

Askatasun egarriz bizi den herria da Euskal Herria. Mugimendu herritar indartsua izan da Herri honen arima eta gaur egun ere bai. Horregatik eraiki zituzten gure Herrietako kaleetan kuartelak. Horregatik sufritzen ditugu errepideetako kontrolak, tabernetan sartzen direnetako probokazio eta irainak.

Egunez egun, pausoak ematen ari garen honetan, loturik mantendu nahi gaituzten kateak erdoilduta daude. Hiltzen dagoen munstroaren ostikadak dira hauek. Beraien existentziak gurean inoiz zentzurik izan ez badu ere, egun zentzu horrek pisura galdua dauka.

“Alde hemendik!” leloak gaur berebiziko indarra hartu du. Amorrutik baina bereziki ideia argi batekin; bidaliko ditugun eguna ospatuko dugu eta egun hori geroz eta hurbilago dagoela badakigu.

Gure elkartasun eta babes osoa atxilotuak izan diren gazteei eta baita Altsasuko herriari. Erasoa guztion aurkako da eta horregatik guztion ardura da erantzutea. Beraz, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Animo eta aurrera!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun