Neska gazteok batu eta askatu gaitezen!

Erabiltzailearen aurpegia ErnaiAlgorta 2016ko aza. 25a, 14:19

Gizartearen funtsa ulertzeko, gizon eta emakumeen arteko harremanak ulertu behar direla esan zuen behin Angela Davisek. Esaldi horri tiraka, ezinbestekoa da gaurko egunean azaleko irakurketetatik atera eta putzu sakon eta beltzean igeri egitea. Azaroak 25, emakumeonganako indarkeriaren aurkako eguna dugu, egun bat gehiago, patriarkatuak egunero-egunero zapaltzen baikaitu.

Gaur ohikoa bihurtu da txapa moreak jantzi eta berdintasunaren aldeko diskurtsoak botatzea. Gizon politikari eta trajedunak ere agertu ohi dira kamera aurrean, protokoloak agindutakoa betetzen. Emakumeon aurkako erasoak daudenean ordea, ez dira inon ageri.

Borreroak baditu milaka aurpegi eta erasoak ere asko dira. Ezin dugu erasoak bortxaketa edo erailketa batekin soilik lotzen dituen diskurtsorik onartu. Egunerokoan jasaten ditugun irain, gutxiespen eta zapalkuntzak ezikusi bihurtzen dira horrela eta badakigu, izenik ez duenak itzalik ere ez. Kalean, gauez, bakarrik jasandako erasoez gain, egunerokoan hamaika eraso gertatzen dira etengabe, uneoro: lagunarteko hizketaldi matxistak, gure gorputzak kontsumo objektu bihurtzen dituzten publizitate kanpainak, desabantaila egoerak lanpostu bat eskuratu edota gauzatzerakoan… Sistema patriarkarra zalantzan jarri eta suntsitu ezean ez gara sekula aske izango.

Kapitalismoa esplotazioan oinarritzen den unetik, ezin dugu ahaztu patriarkatua berebiziko pieza dela engranaje horretan, eta alderantziz. Onarpen sozial gabe eta bizitzako esparru guztien oinarri diren ezkutuko lanean edota bizi baldintza are eta prekarioagotan lan egitera behartuak gaude emakumeok. Guzti honi gehitu behar zaio moral kristauaren katea arrastaka eraman behar izatea, formalak, goxoak, zintzoak eta obedienteak.

Gure gorputz, harreman, lan, nahi eta desioen gaineko kontrola erabakitzeko eskubide faltsuaren mitoarekin saltzen digute txikitatik. Finean, gure bizitzen eta askatasunaren gaineko kontrolean ezkutatzen da “erabakitzeko eskubidea”. Eta erabaki mugatu horretatik kanpo kokatzen garen emakumeontzat bazterketa eta zapalkuntza, indarkeria.

Libreki erabakitzea ez da bi aukeran artean aukeratzea, hori baino askoz gehiago da. Ez gaituzte hezi pertsona autonomo eta kritikoak izateko eta sarritan erabakitzeko gaitasunaren mozorropean inposaketak bizi ditugu, sotilagoak izanagatik indarkeria direnak. Adibidez, presio estetikoari buruzko irakurketa politikoa egin ezean, estetika hautu pertsonal bat dela irentsi eta erreproduzituko dugu.

Gaurko egunean ez dute balio azaleko irakurketek, erroko arazoa non dagoen ikusi ezean nekez irtengo gara putzu sakon eta ilunetik. Igeri egiteko ezinbestekoa dugu betaurreko moreak jantzi eta erabakimen faltsuaren gainetik libreki erabakitzen eta bizitzen hastea. Neska gazteok ahaldunduta, askatasunak ematen digun aniztasuna errespetatu eta balioan jartzeko unea da. Feminismoak erakutsi digu badaudela bestelako suak, garrak eta txinparta askatzaileak putzurik ilunena urtzeko. Su horren bueltan dantzan, batu eta saretu gaitezen neska gazteok elkarrekin.

Angela Davisen hitzetatik Simone de Beauvoirera, guk ere feminismoa norbanakotik bizi eta kolektiboki borrokatzeko modu bat dela sinesten dugu. Horregatik batu eta askatu gaitezen Euskal Herri feministara bidean!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun