Gurpil hori bueltaka badabil ere, kontuan izan behar dugu nork mugitzen duen gurpilaren polea. Langileriak. Bere lan indarraren truke, poleatik tiraka ibiltzera behartua dago, zortzi ordu egunero, “legalki”. Jaio. Esplotatua izan. Hil. Ez da ezer berria, ez da sekretu bat. Guztiok sufritzen dugu esplotazioaren zama iratzargailuak jotzen duen aldiro.
Black Friday, kontsumismoaren egun sakratu bilakatu dute multinazionalek. Eskaintza zoragarriekin kontsumismo basatia eragin, langileak kontratu prekarioekin kontratatu eta irabaziak munduko %1a diren jauntxoentzat. Horien bizi zikloa? Jaio. Esplotatu. Hil. Begira Rita. Batzuk ongi bizi daitezen, beste batzuk sufritu behar dute. Ongi bizi diren horiek ez dute sekula poleatik tiratuko.
Diruz zikindutako eskuak, odolez garbitzen dituzte. Aurten 50 langile baino gehiago hil dira Euskal Herrian, hil dituzte. Lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartzen gaituzte, lan prekarioak pribilegiotzat salduz. Ederki dakigu hori emakume, etorki eta gazteok. Bigarren mailakoak gara, esplotazioaren jo puntuan gaudenak. Black Friday zurrunbiloko beste bat gehiago da, egunerokotasuneko bat gehiago. Badakizu ze lan baldintzetan egiten duten lan langileak? Ordua miseria bat kobratuz, bizirauteko prekarietatean lan egitera kondenatuak daude.Black Friday bezalako kanpainekin are eta gehiago. Kontratu basurak, soldata basurak. Ez gaitzala kontsumismoak kontsumitu, ez dezagun elkar kontsumitu.
Black Friday bezalako publizitate kanpainek langileon eskubideok kontsumitzen dituzte, denok kontsumitzen gaituzte. Black Friday-rekin black future. Ez gaitezen izan konplize, apurtu dezagun kapitalismoaren zurrunbiloa. Kapitalismoaren aurka, gazteok zuzen!