Prozesuaren aurkezpena ospatu genuen urriaren 29an Gernikako Astra espazio autogestionatuan. Aurkezpenean Prozesu Kongresuko helburuak, faseak,... bitartekoak eta parte hartzeko gida aurkeztu genituen.
4 urte luze izan dira gazte antolakundean, baita militanteongan ere. Atzera begira begirada luzatuta, asko dira aurrera eramandako borrokak. Ez soilik hori, milaka gazte hutsetik batu eta antolakunde oso bat eraiki genuen. Militantzia eredu berriak martxan jarri, herri eta auzoetako gazte problematiken inguruan hausnartu, borrokarako espazioak sortu…era berean Euskal Herriko askapen mugimenduan gure ondar aletxoa jartzeari ekin genion.
Egun ere, erronkak ez dira tamainakoak. Egindakotik ikasiz, akatsak hausnartu eta ongi egindakoak eraginkortzera goaz. Gazte estrategiaren gainean hausnartu, Ezker Abertzaleko ABIAN prozesuaren ondorioak geure egin eta antolakuntza zein funtzionamenduan aldaketak egitera goaz. Martxan jarri beharreko prozesu independentista aurrera eramateko, Gazte Antolakunde eraginkorra izatea ezinbestekoa izango da.
Gazte antolakundeko kideok SORTUren birsortze prozesuan ere buru-belarri parte hartzen ari gara, denon esku baitago SORTU indartsu bat edukitzea. Horregatik, gure Prozesu Kongresuko eztabaidak atzeratu egin ditugu bi prozesuen eztabaidak ez bateratzeko. Lehenik denon orubea erabaki behar dugu, orube horretatik geurea ekiteko.
Dei egiten diogu euskal gazteria osoari inurritegira hurbildu eta Prozesu Kongresuan parte hartzeko. Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldunerantz jarrai dezagun borrokan!
Izan gazte, izan bihurri, izan inurri!
Garaipenaren belaunaldia gara!