Kapitalismo eta patriarkatua ezkontza perfektua

Erabiltzailearen aurpegia ErnaiAlgorta 2017ko mar. 8a, 13:27

Urtero bezala, martxoaren 8a gerturatzen zebilen honetan, instituzio, alderdi, erakunde, medio… desberdinek emakumeon zapalkuntzaren gaia jarri dute erdigunean, edo ohikoa duguna baino erdirago, gutxienez. Aurtengoan “oraindik ere” berdintasuna lortu ez izana erakusten duten zifrak ibili dituzte gora eta behera: kristalezko sabaia, soldaten arrakala, lanaldi bikoitza, zaintza edo etxeko lanen birbanaketa beharra, pobreziaren feminizazioa…

Gehienek, jendarte sexistaren ondorioak lan merkatuan bakarrik emango balira bezala landu dute. Baina larriena, eraso matxista isolaturen bat salbu, “aurrerakoiak” (ez feministak) diren garai hauetan, beste garai ilunago batzuetatik oinordetzan jaso eta oraindik gainditu ez ditugun desberdintasunak balira bezala lantzen dituztela. Gaurkotasuna galtzen ari balira bezala.  Lan merkatuan zein honek ezkutuan uzten dituen gainerako lanetan ematen diren desorekak modu interesatu batean mantenduko ez balira bezala. Datu horien atzean patriarkatua eta kapitalismoa ez baleude bezala. Eta merkatutik haratago, gure bizitza osoa blaituko ez balute bezala.

Instituzioetatik politika feministak martxan jarriz parekidetasuna lortuko dugula errepikatzen digute etengabe. Baina leuntzea bakarrik lortuko dugu horrela. Azken batean, desoreka eta desberdintasun guzti horiek, ezinbestekoak dira sistema kapitalista sostengatzeko: estatuari dohainik ateratzen zaizkion zaintza lanak, enpresek soldata batzuetatik aurrezten duten dirua, kaleratze merkeen ondorioz haurdunaldi bajak ordaindu behar ez izatea, langileentzako etxeak atsedenerako prest edukitzea lanera indarberrituta itzul daitezen... hori dena ezinbestekoa du sistema kapitalistak funtzionatzeko, eta beraz, ezinbestean behar dute bere marionetek: estatua, enpresak, medioak...  Eta hor sartzen da patriarkatua.

Ezkontza perfektua da kapitalismoaren eta patriarkatuaren artekoa. Horiek bai, elkarren osagarritzen duten laranja erdiak. Patriarkatua kapitalismoaren aurretik existitzen zen heinean, azken hau patriarkatuak eskaintzen zizkion baldintzen gainean eraiki zen. Eta kapitalismoak sostengarria izateko eta batzuen poltsikoak masiboki betetzeko behar zuen elementu garrantzitsuenetariko bat eskaintzen zion: bigarren mailako herritar bat, ezkutuan gera zitekeena, eskubiderik gabea.  Jendartearen erdia (gizon langileak baino) are modu agerikoagoan esplotatzeko aukera ematen dio patriarkatuak kapitalismoari, eta beste zapalkuntza batzuei lotuta, esplotazioa nabarmenagoa eta jendartearen begietara jasangarriagoa egitekoa: emakume etorkinak, emakume gazteak...

Bien arteko ezkontza hori garatzen joan da, emakumeok kapitalismoaren eta patriarkatuaren esklabu zein aberastasun iturri bilakatu eta gure bizitzako eremu guztiak euren menpe jarriz. Lan erreproduktiboen doakotasuna beharrezkoa dutenez, emakumeoi “maitasunaren izenean” besteen zerbitzura egoten irakasten digute. Irabaziak etengabeak izateko kontsumo basatia bultzatu behar dutenez, emakumeoi estereotipo zorrotzak eta modarekiko kezka barneratzen dizkigute. Kostuak ez igotzeko soldata arrakala mantetzea beharrezkoa denez, enplegu zehatz batzuetara bideratzen gaituzte. Kontsumo unitate gisa eta baloreen transmisiorako (hau da, helduen boterea egikaritzeko) familia behar dutenez, maitasun erromantikoaren ideologian hezten gaituzte. Finean, kapitalismoak eta patriarkatuak euren beharrizanak gure desio izan daitezen alienatzen gaituzte. Patriarkatuaren kasuan, etengabe erreproduzitzea eta gure zapalkuntzak mantentzea lortuz. Kapitalismoaren kasuan, gugandik zeharka zein zuzenean irabazia lortuz.

Horrek hain zuzen, eragiten du neska gazteon bizitzak hain prekarioak izatea. Ez krisiak. Ez gainditu ez ditugun antzinaroko arrasto batzuek. Sistemen sinbiosi edo ezkontzak, biek kondenatzen gaituztelako esklabutza eta pobrezia patu batera, gaurdanik enplegu prekario batekin hasi, eta seguruenik jubilazio-pentsiorik gabe utziko gaituzten egunera.

Eta kapitalismoaren eta patriarkatuaren ezkontza perfektu horrek seme-alaba pribilegiatuak ditu. Esplotazioak ez du helburu abstraktu bat, onuradun zehatzak baizik. Gure kontura bizi diren gizon-zuri-burges-heldu-heterosexualak.

Zapalkuntza guzti hauekin bukatzeko beraz, ez dugu lege zehatzik behar, ez dugu eremu zehatz batean konponbiderik nahi. Errora joan behar dugu geure buruak askatzeko, eta erroan, sistema dago. Sistemak daude. Kapitalismoa eta patriarkatua seinalatu behar ditugu, ikusezin egin nahi dituzten une honetan.

Eta horretarako ezinbestekoa da feministok geure kabuz antolatzen jarraitzea, eztabaida kaleetara eramatea, autodefentsaz aurre egitea. Ez diezaiegun irabazten gabiltzala sinestarazten utzi, ez dezagun borroka alboratu, ez ditzagun gure arteko aliantzak desegin, hori da euren marioneten bidez lortu nahi dutena eta.

Feministok kapitalismoa eta patriarkatuarentzako mehatxua garelako: ezkontza perfektua dira iraultza feministak banatu arte!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun