Kirol zerbitzu berria abian jartzeko prozesua hasi du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 7a

Sopelako kiroldegia, artxiboko irudian. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalbatzak datozen bost urtetarako bere Udal Kirol Instalazioen Zerbitzu Publikoaren kontratazio espedientea onartu du, lizitazio berriari hasiera emanez. Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioaren menpeko Ebaluaziorako Bulego Nazionala (ONE) izan da bideragarritasun plana eta plegu teknikoak eta administratiboak aztertu dituena. Orain, Ekainaren 3ra arte aurkez daitezke eskaintzak. 

2025ean, udal-talde guztiek zerbitzu berriaren bideragarritasun plana onartu zuten. Helburua, lizitazio berri bat nola eta zein baldintzatan egin beharko den zehaztea zen. Bertan, hobekuntzak proposatu zituzten hainbat eremutan: kirol eskaintzan, instalazioen mantentze-lanetan eta garbiketan eta euskararen erabileran, besteak beste. Gainera, Abadesoloko igerilekuak dauden erakinaren ondoan beste eraikin berri bat egitea aurreikuste da. Dena ondo bidean, zerbitzu berria ikasturte hasieragaz abian jarriko litzateke.

Erabaki hau hartu baino lehen, Udalak bere kirol politika publikoak zehazteko OTS aholkularitzari eskatu zion laguntza. Kirol zerbitzu berria 2024an hasi zen Sopelako Udalaren Kirol plan estrategikogaz. Adierazi dutenez, plan horregaz "adin guztietako sopeloztar guztiek egunero kirolaz gozatzea lortu nahi da, kantitatea, kalitatea eta kirolarekiko atxikimendua handituz". 

Kirol-teknikariaren lanpostua sortuz gero, kirol instalazioen ikuskaritza teknikoa ere kontratatu zen, horren araberako legeztatze plan bat garatuz. Horrez gain, Sopelako Udalak eta BPXport Sopelana SL enpresak kirol-instalazioak kudeatzeko kontratua adostu zuten aurreakordio bategaz, kontratu berria esleitu arte zerbitzua ematen jarraituko duela bermatuz. Izan ere, Udalarentzat kiroldegiko lanpostuak mantentzea lehentasun bat izan da. 

Aldi berean, Udalak kirol-instalazio berriaren proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko lizitazioa egingo du eta, proiektua idatzi ondoren, sei milioiko inbertsioagaz lizitatuko dira obrak. Bai kirol ekipamendu berria, bai liburutegi berria finantzatzeko, Sopelako Udalak 1.798.000 euroko balioa duten hiru lursail saldu berri ditu eta beste bost lurzatiren lizitazio berri bat abian jarri du; HAPOren aurrerapen-dokumentuan edo zirriborroan jasotako proposamenak kontraesan barik. Hau da, lursail publikoak saltzea, beti ere lurzati horiek zuzkidura-ekipamenduetarako edo babes publikoko etxebizitzen etorkizuneko sustapenetarako erabili ezin badira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun