Sopela Zutik plataforma sortu dute Iberre Institutuaren handitzea desblokeatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ander Zarraga 2026ko ekainaren 22a

Iberre institutua, artxiboko irudian.

Sopelako hainbat gurasok eta familiak Sopela Zutik plataforma herritarra sortu dute, Iberre Institutuaren handitzea desblokeatzeko eta udalerriko ikastetxe publikoen egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. Taldeak "modu independentean eta apartidistan" jardungo duela azaldu du, eta hezkuntza-azpiegitura hori lehenbailehen errealitate bihurtzeko prozesu administratibo eta politikoak azkartzea izango du helburu.

Plataformako kideen arabera, Sopelako ikastetxe publikoak "gainezka" daude, eta egoerak kezka handia sortu du familien artean. Gogorarazi dutenez, administrazioen artean aurretik hitzarmenak egin diren arren, Iberre Institutuaren handitze-proiektuak hirigintza-izapideen eta aurretiko fase administratiboen menpe jarraitzen du, eta horrek atzerapenak eragin ditu egutegian.

Sopela Zutikek nabarmendu du azken urteotan Sopelako eta Uribe Kostako hazkunde demografikoak presioa areagotu duela lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan. Horregatik, hezkuntza-komunitateak egiturazko irtenbideak aktibatzeko premia azpimarratu du, gaur egungo nerabeen zein etorkizuneko ikasleen beharrei erantzuteko.

Plataforma gune ireki, komunitario eta ez-alderdikoi gisa aurkeztu dute. Bereziki udalerriko amek bultzatu dutela azaldu dute, zabalkunderako materialak, komunikazioa eta elementu grafikoak antolatuz. Orain arte, kartelen, mezularitzaren eta bestelako euskarri grafikoen bidez zabaldu dituzte euren aldarrikapenak, "egoera konplexu bat herritar guztientzat modu ulergarri eta hurbilean" azaltzeko asmoz.

Hurrengo hitzorduei dagokienez, Sopela Zutikek iragarri du ekainaren 24ko osoko bilkuran berriro bilduko dela, proiektuaren egoerari, epeei eta gauzatzea baldintzatzen ari diren faktoreei buruzko informazio eguneratua eskatzeko. Halaber, ekainaren 25ean hasiko diren herriko jaietan parte hartzeko asmoa agertu du, arazoaren ikusgarritasuna handitzeko. "Etorkizun kolektiboko kontua da; ezin dugu normalizatzen jarraitu funtsezko hezkuntza-azpiegitura bat gauzatzeko hainbeste urte behar izatea", adierazi dute plataformatik, eta sopeloztarrei parte hartzeko deia egin diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun