Plentziako udaltzain bi erasotu dituzte hondartzan ustezko lapurreta bat argitzen ari zirela

Erabiltzailearen aurpegia Ander Zarraga 2026ko ekainaren 22a

Plentziako Udalak gertatutako gaitzetsi egin du eta udal-beharginei babes osoa adierazi die. © WIKIPEDIA/JTAMENDI

Plentziako udaltzain bi erasotu zituzten domeka arrastian, hondartzan ustezko lapurreta baten harira adingabe bat identifikatzera joan zirenean. El Correo komunikabideak zabaldutako informazioaren arabera, gazte talde handi batek agenteak inguratu eta jo egin zieten; Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen, eta guztira, lau lagun atxilotu zituzten.

Gertaerak hondartza jendez beteta zegoen une batean izan ziren. Iturrien arabera, egunean zehar hainbat lapurreta salatu zituzten hareatzan, eta bainulari baten abisuaren ostean bertaratu ziren udaltzainak. Lekuko batek emandako deskribapenari jarraituta, agenteek 15 urte inguruko gazte bat identifikatu gura izan zuten, ustez lapurreta batean parte hartu zuelako.

Orduan, iturri berberen arabera, gutxienez 15 gazte inguruk agenteak inguratu eta haien jarduna oztopatu zuten. Udaltzainek irainak, mehatxuak, bultzadak eta kolpeak jaso zituztela azaldu dute, eta laguntza eskatu behar izan zioten Ertzaintzari. Tentsio uneen ostean, inplikatutako gazteak hondartzan sakabanatu ziren.

Ertzaintzako agenteek lau lagun atxilotu zituzten udalerriko hainbat puntutan; denak 15 eta 20 urte arteko gazteak direla zabaldu dute. Udaltzain biak mediku batek artatu zituen ondoren, eta haietako bati baja eman zioten jasotako kolpeengatik.

Plentziako Udalak ohar bidez gertatutako gaitzetsi du, eta azpimarratu du "jarrera oldarkor eta antisozialek" ez dutela lekurik herrian. Era berean, udal-langileei, eta bereziki Udaltzaingoari, babes osoa adierazi die.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun