Berangok eta Sopelak bertan behera utzi dituzte San Joan bezperako suak, beroaldiagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ander Zarraga 2026ko ekainaren 22a

Ezohiko beroaldiaren ondorioz, Berangoko eta Sopelako udalek bertan behera utzi dituzte ekainaren 23rako aurreikusita zeuden San Joan bezperako suak. Eusko Jaurlaritzak muturreko tenperatura altuengatik alarma gorria ezarri du biharko, eta, segurtasun arrazoiak tarteko, udal biek erabaki dute sua pizteko ekitaldiak ez egitea.

Berangoko Udalak jakinarazi duenez, biharko sanjoanetako sua bertan behera geratu da. Era berean, baserrietako eta landa-eremuetako bizilagunei gomendatu die ez dezatela surik piztu, arriskuak saihesteko eta segurtasuna bermatzeko.

Sopelan ere, Udalak San Joan bezperako sua bertan behera uztea erabaki du, muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alarma gorria dela eta. Hala ere, oraingoz, egitarauko gainerako ekintzak bere horretan mantenduko dituzte; besteak beste, haurrentzako tailerrak, txokolatada eta ikuskizun ibiltaria egitea aurreikusita dago.

Udalek datozen orduetan ematen duten informazioaren arabera eguneratzen joango gara San Joan bezperako ekitaldien inguruko xehetasunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun