Iritzia

Etxebizitzaren auziaz, pare bat ohar disidente

Erabiltzailearen aurpegia UKatu Uribe Kostako Asanblada

Azaroaren 11n, sexu eta genero disidenteok ere grebara!

Etxebizitza krisi sakon baten aurrean gaude, eta horrek Uribe Kostan eta gure bizitzetan eragin zuzena du. Etxebizitzaren intimitatea bizi-proiektuak garatzeko oinarrizko zutabeetako bat da, baina sarbidea pribilegio kontu bat da.

Egiturazko arazoa da, gehienoi eragiten diguna. Etxea da egunero bueltatzen garen toki hori, bete-betean zeharkatzen gaituena. Berotasun eta babeserako toki, bai, baina askorentzako, armairura itzultzeko lekua ere bada: indarkeriak gurutzatutako espazio bat, sistematikoki ukatua, baztertua edo ezkutatua izateko lurralde bat. 

Horregatik, etxebizitzaz hainbeste ari garen honetan, begirada disidente bat eskaini nahi diogu gaiari. Bi edo hiru logelako etxeetan hazten dira familia nuklearrak, Larrabasterrako txaletetan eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorretan. Postal eskualde bat ari dira eraikitzen, ordaindu ezin ditugun alokairuz eta turistentzako egindako etxez betetako bat, eta horrek sistematikoki kanporatzen gaitu gure auzoetatik. Etxebizitza aktibo gisa lehenesteak eskubide gisa ukatzea dakar.

Emantzipatu ezin izatea, askorentzat armairuan bizirautea da. Auzoan gelditu ezin izatea gure babes-sareetatik kanporatuak izatea da.

Bizitza duin bat, transentzako, bollerentzako eta marikentzako bizitza duin bat biziraupenerako sareak izatea ere bada, harreman- eta babes-sare egonkorrak sortzea, eta hori ezinezkoa da espekulazioak kanporatu eta sakabanatu egiten gaituelako. Izan ere, emantzipatu ezin izatea, askorentzat armairuan bizirautea da. Auzoan gelditu ezin izatea gure babes-sareetatik kanporatuak izatea da. Eta hori guztia, jakina, betiere etxebizitzarako sarbidea baduzu, zuria bazara, erroldatzeko eskubidea baduzu, kalean bizi ez bazara eta higiezinen agentziek edo jabeek etxea ukatzen ez badizute ikusi edo entzute hutsarekin, finean arrazializazioagatik.

Eta, bitartean, instituzioek aniztasunaren bandera nola astintzen duten ikusi behar dugu.   

Etxebizitza politikek ere egiten gaituzte, egiten dute zer bizitza eredu dugun, norekin bizi nahi dugun, nola imajinatzen dugun gure bizi-proiektua, azken finean, zer etorkizun desiratzen ditugun. Guk etxe horietan kabitzen ez diren ereduak desiratzen ditugu: bizi-eredu kolektiboak, okupa transfeministak, elkarrekin zahartzeko lekuak, familia deszentratuko duten etxeak. Postal normatibo hori apurtzera datozen ereduak sortu nahi ditugu. Horregatik, gu ere grebara joango gara, gure auzo eta herrietan bizitza disidenteak eraikitzen jarraitu nahi dugulako.  

Premiazko neurriak

Horretarako, eta urgentziaz, Atari Algortako Etxebizitza Mugimenduak dioen bezala lehentasun bat da: 

  • Etxebizitza behar sozialen arabera antolatzea.
  • Espekulazioa debekatu eta espekulatzaileak desjabetzea.
  • Etxegabetzeak etetea.
  • Prezioetan esku hartzea.

Azaroaren 11n, sexu eta genero disidenteok ere grebara!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun