Orain dela ez askora arte, Uribe Kostan zaila litzateke erabilerarik gabeko lursailak topatzea: lantzarrak, sega-belardiak, baratzeak, fruta-arbolen landaketak, egurrerako baso eta abaroak, bolu eta errotak, gari- eta beste zekale-soloak, mahastiak, harrobiak… Erabilera horiek guztiek baserri-munduko paisaiaren funtsa sortzen eta mantentzen zuten; horrenbestez, leku-izenek (hots, toponimoek) praktika horien testigantzak gorde dituzte (Aresti, Ametzaga, Karobiazpi, Kanteraburu, Bolue, Gaztañaga, Sarrikobaso, Urresti…). Izenen artean, paisaiaren kudeaketa tradizionalari buruzko pistak ematen dituen bat agertu ohi da herriz-herri: gizalana edo giselana. Izan ere, toponimo horrek lursail jakin bat lantzeko zenbat gizakiren lana behar zen iradokitzen zuen; zehazki, pertsona batek egun batean egin dezakeen lana definitzen duen unitatea baita.


Beraz, gure mikrotoponimian (hau da, eskala txikerreko leku-izenetan) soloak neurtzeko unitate tradizionalaren arrastoak aurkitu ditzakegu oraindik ere. Adibidez, Barrikan Amaikagizalan topa dezakegu, eta Erandion Bederatzigizalan; horrenbestez lehenengoa bigarrena baino handiagoa izatea espero zitekeen, hurrenez hurren. Gainera, jatorrizko dokumentazioari erreparatuz, aipuetan bertoko euskalkiaren pistak aurki ditzakegu ere. Horrela, Getxon hurrengoak daude jasota: Oguetabi-guiselena 1870-an, Amairu-guiselena 1870-an eta Sorciguiselana 1857-an. Bestetik, Erandion jarraian doazenak: Guiselandi 1808- an, Amarguiselana 1866-an, Bederaciguiselana 1869-an, Bosguisalana 1863-an, Yruguiselana 1808-an, Lauguiselana 1808-an, Seigixelan(e) eta Sazpi guizón lana 1911-an.
Antzeman daitekeenez, paisaia eta bertoko euskera errotik hibridatuta daude. Hori dela eta, batak besteari buruzko informazioa ematen du sarritan, eta horrenbestez, elkarrekin ez bada zaila da inguratzen gaituen espazioa ondo ulertzea.
