Kakarraldone

Txorien egutegia. Uda eta udagoien artean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larretxi Gallastegi eta Luka Melendez Arteaga

Txioa intsektuen bila.

Naturan ugari dira urtaroak aurrera doazen seinale diren gertakizunak. Izan ere, aste hauetan udak eta udagoienak topo egiten dute sasoi nahasi batean: sagarrak lurrera erortzen dira, ezkurrak lodituz doaz, pikuen usainak bidezidorrak setiatzen ditu, intxaurrak jasotzeko prest daude.... Eta mihise honetan badira egutegian mugarriak ezartzen dituzten beste bizidun batzuk; urrunetik datozen eta urrunera doazen hegazti migratzaileak.

Egunak laburtzen hasiak dira jada, eta urteko garai hotzetara gerturatzen ari gara minutuz-minutu. Egunerokotasunean somatuko ditugun aldaketa horiek arrasto sakona utziko dute inguruan dugun paisaian eta basabizitzan ere, guztiok bilatu behar dugu eta neguari aurre egiteko modurik eraginkorrena. Adibidez, segaturiko soloen belarra bazterretan bilduta dago jada, garai batean abereak gure haranetara jaisten hasiak izango ziren daborduko, eta udaberrian landazabala koloreztatu zuten loreetatik sortutako fruituak baliabide baliotsua dira animalientzako, gizakiok barne.

Izan ere sasoi oparoa dugu urria, landareek fruitu-eskaintza izugarria egiten baitute garai honekin sinkronizaturiko beste fenomeno harrigarri batekin: hegazti askok hegoalderatz egiten duten migrazioa. Eta ikusiko dugunez, zentzu handia du. Alde batetik, iparraldeko baldintzak gogortu ahala hegazti ugarik hegoaldera jotzen dute egoera faboragarriagoen bila; bestetik, zuhaixka eta zuhaitz askok fruitu erakargarriak ekoizten dituzte eta hegazti-fluxu horretaz baliatzen dira haziak barreiatu ditzaten. Konplexutasuna emendatuz, zenbait kasutan fruitu helduek intsektu mordoa erakartzen dituzte eta, ondorioz, txori batzuk erakartuago sentituko dira. Hori dela eta, pikondoen adarren artean hamarnaka txori ikustea posiblea izaten da, batik bat.

Elorri zuriak gorriz estaltzen dira.

Hala ere, hegazti guztiek ez dute ibilbide ez egutegi berdina jarraitzen. Espezie batzuek duela gutxi utzi bagaituzte ere, beste batzuek lehenago ekin diote bidaiari latitude handiagoetatik, eta horrenbestez posiblea izango da soinu eta forma ezohiko horiek geure zeru eta paisaietan ikustea aste batzuez.

Duela aste gutxi arte euren txirp eta ki-ri-ek hiriak eta herriak alaitzen zituzten arren, enara eta sorbeltzen partidak udaren amaiera iragarri zuten. Izan ere, hegazti horien dieta zomorro hegalarietan oinarritzen da, eta horregatik goiz lekualdatzen dira hegoalderantz intsektuentzako hobeak diren baldintzen bila. Hala eta guztiz ere, urtero bezala bueltan izango ditugu udaberrian, eta berebizikoa da aurreko urteetan gure eraikuntzetan egin dituzten habiak errespetatzea.

Euli-txori beltza, urtaro aldaketaren mugarrietako bat.

Batzuek alde egin ahala, beste batzuk -milaka txio eta euli-txoriak kasu- gurera iristen dira, udazkena bertan dagoenaren seinale. Txori txiki horiek, eta bereziki euli-txori beltzak, erraz behatu eta entzun daitezke (txi, txi, txi, txi) egunotan baina denbora laburrez, laster hegoalderantz jarraituko baitute.

Sasoi bakoitzak bere xarma duenez gero, oraingoak ere oparotasun-erakustaldia eskeintzen duela argudiatu daiteke. Beraz, uneoro gure inguruko seinaleei erne egon behar dugu, naturaz ikasten jarraitzeko eta gozatzeko aukera ezinhobea baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun