Uribe Kostako aldatz eta buruak -landarik garaienak- lur txiro eta lehorrak izan dira betidanik, arrazoi geologikoak direla eta. Horrenbestez, eremu horiek ez ziren batere egokiak lantzarrak edota baratzeak mantentzeko, baina horrek ez zuen esan nahi baserritarrentzako erabilerarik ez zutenik. Izan ere, bertan ote (Ulex gallii eta Ulex europaeus, indaben eta akazien familiakoak) izeneko sastraka arantzatsu eta lekaduna lantzen zen —ote-kodañe erabiliz, kodaina labur eta gogorra—, lore horiak ematen dituena. Eta nahiz eta gaur egun otatzak soildu besterik egiten ez diren, XX. mendeko erdialdera arte zaindu, salerosi, arautu eta borrokatu ere egiten ziren gurean, artxibo historikoetan utzitako arrasto oparoak iradokitzen duenez.
Baina, ze erabilera izan zezakeen oteak uriboztarrentzako? Dokumentazio historikoan ageri den moduan, gutxienez hiru erabilera zituen Uribe-Butroen, beste hainbat eskualdetan bezala. Alde batetik, otea sats edo simaur bilakatzen zen soloak ongarritzeko. Horretarako, lehenago beharrezkoa zen etxaldeko kortan abereentzako ohe gisa (azpigarri) ipintzea, zapaldua izan zedin eta animalien gorotzekin nahasteko. Gero, otea erregai moduan erabilia izan da ere tradizionalki. Esaterako, 1786. urtean, Plentziako bi bizilagunek Barrikako Barrikabason otea mozteko eta beraien labeetan erabiltzeko baimena lortu zuten. Beranduago, 1909. urtean Maruri-Jatabeko udalak baimena eskatu zuen Gallarraga herri-mendian (hots, komunalean) moztutako otearen zati bat karobietan erabiltzeko. Azkenik, otatzak elizateen zorrak ordaintzeko erabiliak izan ziren ere. Hala izanik, 1855an eta helburu horrekin San Pablo mendiko (Erandio) otearen errematea aprobatu zen.
Otatzak herri-lurretan kokatu ohi ziren, eta ondorioz lursail horien kudeaketa egokia eta kontserbazioa munta handiko aferak ziren. Horren erakusle gisa, agiri zaharren bidez otearen inguruko ika-mika, istilu eta zorigaitzak gogora ekar daitezke. Adibidez, 1871. urtean Getxoko auzokideek Galeako herri-lurren gehiegizko ustiaketa salatu eta lekuaren hobekuntza eskatu zuten. Barrikan, 1884. urtean Barrikabasoko otea erretzeko lanetan ari zirela, Domingo de Artaduy ito egin zen sortutako ke-lainoaren eraginez. Bestetik, otearen lapurreta jarduera ohikoa ei zen gurean, eta horren harira auzi ugari ireki ziren: Plentziako Guzurmendin (1730), Lutxanan (1748), Gatikako Libaroa auzunean (1771), Berangoko Arrarte mendian (1776), Urdulizen (1806), Leioako Santsoenan (1889)... Baina baserritar mesfidatiak erne egoten ziren eta noiz edo noiz lapurrak harrapatzen zituzten ere; horrela gertatu zen 1940an, Berangoko auzokide batek ustezko lapurra harrapatu eta jipoitu zuenean.

Zoritxarrez, eta azkenengo hamarkadetako aldaketa sakonek bultzatuta, otearen zein landare gehienen erabilerak atzean utzi ditugu, beraien izenak ahazteraino iritsiz ere. Horrekin batera, landare horiei guztiei lotutako ezaguera, ohiturak, eta sinismenak galduz joan gara, paisaia tradizionalen kudeaketan ardatz izan ziren horienak.