Euskaldun deserosoak

Erabiltzailearen aurpegia Joanes Atxa

Harribitxi soziolinguistikoak topatzeko aukera paregabea ematen du beti familiak. Urtebetetze ospakizuna da gaurkoa. Hamar senide eta txokolate kikara bana. Elkarrizketa ere goxoa, isilune deserosoak ez dituen horietakoa.

Mahaiaren ertz batean Ainara, 18 urte bete berri, Ingurumen Ingeniaritza ikasten hasi da aurten, euskaraz eta EHUn. Hiru ikaskiderekin egiten du goizero klasera bidea. Txutxu-mutxuan, eta gaztelania hutsean. Sorpresarik ez, Bilbo Handian bizi eta D ereduan ikasi dugun gazte guztion tankera; bata Erandiokoa, bestea Algortakoa, laugarrena Sondikakoa.

Aldamenean, klase berera bidean, beste gazte talde bat. Txutxu-mutxuan. Euskara hutsean. Suelto. Natural. Bata Berriztarra, bigarrena Markinarra, eta Elorriokoa azkena.

Ainarak aitortu digu ez dela beste taldetxora hurbiltzen. Lotsatu egiten dela. Lotsa zeri? Euskara baldarregian aritzeari. Euskara batuak eta D ereduak hamarkadak betetzen dituen XXI. mende honetan, badirudi hizkuntza-ohiturek ere definitzen dituztela gure gazteen kuadrillak.

Gazte euskaldun deserosoak sortzen dihardugu, eta erdaldundu egiten zaizkigu. Suelto, natural.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun