2018/05/31 19:00

Dispertsioaren hegiak: Adin nagusiko senideak

Dispertsioaren hegiak: Adin nagusiko senideak
Kurtzio kultur etxea, Sopela

2016ko otsailean abian jarri genuen “Dispertsioaren hegiak” izeneko egitasmoa. Egungo espetxe politikaren bazter eta profil guztiak ikustarazteko ekimena da.

Aurretik, lehenbizi, “Dispertsioaren haurrak” abiarazi genuen, ia ezezaguna zen errealitate bat hurbildu nahi genion eta hurbildu nahi diogu gizarteari gaur ere: euren bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna baldintzatzen duen salbuespeneko neurrien mende dauden haurrak dira.

Joan zen urtarrilean bigarren hegi bat aurkeztu genuen; “Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa”. Urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea dugu helburu; adin nagusiko pertsonak hain justu eta baita ere, gaixotasunak direla medio, hain urrun dauden espetxeetara haien senide eta lagunak bisitatzera joan ezin direnak.

Haien etxeetatik 600 eta 1.100 kilometro bitarteko espetxeetan daude euskal presoen %70a. Bestetik, presoen gurasoen %98ek, 60 urteko adina gainditu dute, gehienak 70 urte baino gehiago dituzte. Antzeko egoeran daude gainontzeko senideak, alegia, osaba-izebak eta aitona-amonak. 10-30 urteetan derrigorrezko bidai luze eta garestiak egin dituzte.

Zahartzeak eta bidai luze horien eraginez jasandako higadurak mugatu egiten dute bidaiatzeko grina eta denei heltzen zaie, lehenago edo geroago, haien seme-alabak, ilobak zein lobak bisitatzeari uko egitea. “Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa” lelopeko hitzaldia gauzatuko dugu datorren maiatzaren 31n, Sopelako Kurtzio kultur etxean, 19:00etan.

Bai senideen lekukotasunak zein osasungintzaren profesionalen hausnarketekin prestatutako bideo bana ikusteko aukera ere izango duzue. Gonbidatuta zaudete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun