Garbitzaileen greba Getxon

Zarama greba ez da aitzakia

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2015ko mar. 16a, 11:55

GOBERNU TALDEAK ZABOR-BILKETAKO KONTRATU BERRIAREN HOBEKUNTZA GEHIENAK ORAINDIK EZ DITU MARTXAN JARRI Getxoko EH Bilduk Gobernu Taldearen esku hartzea exijitzen du enpresa eta langileen arteko gatazkari amaiera emateko lanpostu guztiak bermatuz

EH Bildutik beste behin salatu nahi dugu Getxoko Gobernu taldea ez dagoela seriotasunez eta epeetan lanean ari Getxoko EH Bilduk hondakinen kudeaketaren inguruan proposatutako hobekuntzak aurrera eramateko. Egun zerbitzua kudeatzen duen enpresaren eta langileen arteko gatazka albo batera utziz eta 2014ko azarotik kontratu berria dagoelarik, ez dira martxan ipini plegu berriak jasotzen dituen hainbat hobekuntza. Oraindik ez da martxan ipini etxeetako olio bilketa, hondakin organikoa jasotzeko proiektu pilotua, kontzientziazio kanpainak, paperontzi berriak parkeetan…

Ez dute Hondakin Foroaren bilerarik deitu, nahiz eta hau hiritarren parte hartzearekin Getxoko hondakinen kudeaketaren hobekuntzarako eta planteamendu iraunkor baterantz lan egin beharko lukeen erakunde irekia izan.

Honek erakusten du EAJren axolagabekeria eta konpromiso falta ingurugiroa errespetatu eta egoera iraunkorrago batera iristeko hartu dituen konpromisoekin hondakinen kudeaketari dagokionez. Esanguratsuak dira udalerriko etxeetako atarietan, berriki, “hondakin organikoak” aipatzen dituzten bandoak , kontuan izanda gaur egun Getxoko Udalak material organikoak biltzeko aparteko sistemarik ez duela.

Ez ditugu aitzaki gehiago onartzen, are gutxiago atzerapenak langileen eta Cesparen arteko gatazkarekin justifikatzea. Honi dagokionez, berriz eskatzen diogu Gobernu Taldeari irtenbide bat bilatzen saia dadin, beti ere lanpostu guztiak bermatuz. Hau da beste adibide argi bat oinarrizko udal zerbitzuen externalizazioak dakartzan arazoez, beste batzuetan ikusi ahal izan dugun modura (Etxez etxeko laguntza zerbitzua, TAO, Hondakinak…) gobernu taldeak modu prekarioan eta jarraipen barik gauzatzen dituenak.

EH Bilduk jarraituko du exijitzen pleguan agertzen diren puntu guztiak martxan jar daitezela eta jasangarritasunaren beharrei erantzuten dion zabor kudeaketa sustatzeko lan egin dezatela, hau langileen lan baldintzak okertzeko aitzakia bihurtu gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun