Esan beharra dago hala ere, eztabaida prozesuaren diseinuak pisu handia eman diola alde teknikoari. Berez baliotsua izan den formakuntza teknikoa jaso dute parte hartzean murgildu direnek, baina marko teknikoak ideien eztabaida neurri batean behintzat baldintzatu egin du.
Baldintzatze hori izan da gure ustez eztabaidaren azken fasean sortu diren desadostasunen eta jende kopuru handiak prozesua bukatu aurretik utzi izanaren iturburua.
Desadostasunak desadostasun, eztabaida prozesuak gure udalerriaren etorkizun fisikoa ikusteko irudi desberdinak utzi ditu mahai gainean. Eztabaidan aritu den Lantaldetik proiektatu diren L1, L2 , L3 eta L4 alternatibak eta Udalak prozesua bideratzeko kontratatu duen talde teknikoak idatzitako T1, T2 eta T3 alternatibak. Etorkizuneko Getxo ikusteko irudi hauen artean lehenengo biak ditugu gustukoen.
L1 alternatibak egun indarra hartzen ari den deshazkundearen ideia bere egiten du konplexurik gabe. Berdeguneak, parkeak eta aisialdi guneak eskuratzeko ez bada, hiria gehiago ez hastearen aldekoa da eta jadanik eraikitakoari, hutsik dauden etxebizitzei adibidez, etekin soziala ateratzearen aldekoa.
L2 alternatiba pragmatikoagoa da eta indarrean diren arau eta legeekin guztiz bateragarria. Getxok oraindik ez duen etxebizitza parke publikoa sortzeko aukera garbia eskaintzen du, egun hirigune izendatutako guneetan, era mugatuan bada ere, eraikitzea ahalbidetzen duelako. Hiri perimetroa edo zemento orbana, 1985. urteko arauek kokatu zuten mugetan uztea proposatzen du gutxi gora behera, 2001eko plangintzaren zorakeria zuzenduz.
L3 eta bereziki L4 alternatibek, gure ustez, hazkundearen paradigma zaharra bere egiten dute eta ez gatoz hauekin bat.
Aparteko aipamena merezi dute T1, T2 eta T3 talde teknikoak idatzitako hiru alternatibek. Hirurek ezartzen dute hiri perimetroa egungo hiri lurzorutik haratago eta hirurek jasotzen dute Martiturri inguruan jarduera ekonomikoetarako lur azalera handia, 8 ha edo gehiago. Poligono gune hau Andra Marin inposatu nahi izateari tamalgarria deritzogu. Eztabaida prozesua bideratu duen talde teknikoaren aldetik eztabaida Lantaldean parte hartu duen jendearen iritziekiko jarrera irekiagoa espero genuen, lanean izan diren pertsonekiko gutxieneko enpatia.
Jende desberdinak etorkizuneko Getxoren irudi desberdinak mahai gainean utzi eta gero, ez genuke herritarren parte hartzea bertan bukatzerik nahi. Parte hartze prozesu batean garrantzitsuena ez da “iritzia ematen uztea”, kolektiboki eztabaidatu eta erabakitzea baizik.
Bere azken lan saioan Lantaldeak berak HAPOren zehaztapen berria getxoztar guztien artean erreferendumean erabakitzeko egin zuen proposamenak biziki poztu gintuen, horixe baita gure ustez parte hartze prozesuari bukaera gardena emateko modua.
Erreferenduma egiteko proposamenarekin bat eginez, joan den apirileko Osoko Bilkurari Lantaldeak utzitako 4 alternatibak herritarren artean zabaldu eta getxoztar guztien artean aukeratzeko bidea irekitzea proposatu genion. Herri kontsulta egiteko proposamenak, tamalez, ez zuen aurrera egin, baina ez dugu etsiko.
Prozesuaren hasiera hasieratik adierazi genuen bezala, Getxoko EhBildu hiriaren hazkundea mugatzearen aldekoa da eta HAPO berrikusteko prozesua, indarrean dagoen 2001eko plangintza eta 2006an Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri zigun Lurralde Plana, desarrollismo basatienaren eredu diren dokumentu biak betiko gainditu eta desegiteko aukera on bat bezala ikusten dugu.
Baina arriskuak ere hor daude, hazkunde etengabearen eredu zaharra betikotzeko arriskua, -zertara datoz bestela, poligonoak eraikita lan postuak berez sortuko liratekeen ameskeriaren aitzakiaz aurkeztu zaizkigun talde teknikoaren 3 proposamenak?-, eta eztabaida zabala eta gero, parte hartze esperientzia besterik gabe bukatutzat emateko arriskua, egindako lan eta eztabaidari buruzko bi hilabeteko erakusketa publikoa eta gero, hauteskundeen ondorengo Udal Gobernuak berak nahiko lukeen dokumentu bakarra mahai gainean jarri ahal izango duelako.
Badakigu eta esana dugu jada, nolako Getxo nahi dugun eta nolakoa ez dugun nahi, baina gure iritziaren gainetik, argi dugu hirigintza plangintzaren zehaztapen berria herritar guztion artean erabaki behar dugula.
Christian Reinicke
Maite Arraiza
(Getxoko EH Bilduko kideak)